BBK Klima Urdaibaik artea, jolasa, natura eta "familientzako narratiba magikoa" batuko ditu udan

Archivo - BBK Klima
EUROPA PRESS - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 15 julio 2025 12:53

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

BBK Klima Urdaibai "planetaren alde bizi, ikasi eta jardun nahi dutenentzako topagune" bihurtuko da aurtengo udan ere, eta proposamen berritua aurkeztu du, artea, jolasa, natura eta "familiei zuzendutako narratiba magiko berri bat" batzen dituena.

BBK-ko iturriek jakinarazi dutenez, Busturuan kokaturiko zentroa ez da soilik aisialdirako gune bat, "emozioen, ikaskuntzen eta konpromisoen laborategi bat" ere delako, "non parte hartzaile bakoitza eraldaketa ekologikoaren parte aktibo bihurtzen den".

Aurtengo berrikuntza nagusietako bat 'Pollution Pods' instalazio artistikoa da. Bost kupula geodesikok osatzen dute, eta munduko hainbat hiritako airearen kalitatea birsortzen dute -Norvegiako fiordoen purutasunetik New Delhi edo Pekingo poluzio trinkoraino-, tenperatura, hezetasuna, usaina eta gas atmosferikoak aldatuz.

Michael Pinsky artista britainiarrak sortutako lana Barakaldon erakutsi zen aurretik, eta BBK Kliman dago orain, klima aldaketari buruzko hausnarketa kolektiboa sustatu nahi duen murgiltze esperientzia gisa.

Gainera, adin guztietarako jarduerak aurreikusi dira, datorren asteburuan hasita. Hain zuzen, ostiralean, uztailaren 18an, Euskal Herriko Artisau Garagardo Azoka egingo da BBK Kliman 18:30etik aurrera.

Bestalde, BBK Klimak familia osoari zuzendutako "narratiba magikoa" estreinatuko du uda honetan: ura, energia, airea, lurra eta planeta zaintzeaz eta babesteaz arduratzen diren DIWOen istorioa. Zaindariek indarra galdu dute kutsaduraren erruz, eta haurren laguntza behar dute oreka naturala berreskuratzeko.

Horrela, ume bisitari bakoitzak 'Zaindariaren pasaportea' jasoko du, eta parke osoan banatutako erronkak, jokoak eta probak gainditu beharko ditu. Harribitxi sinbolikoak lortu ahala, DIWO berriak berpiztuko dira, eta konpromiso ekologiko pertsonal bat aktibatuko da, 'DIWO Van' delakoan sinatuko dena. Ibilbide osoa ikasteko, jolasteko eta ohitura jasangarriak sortzeko diseinatuta dago, ikuspegi ludiko eta emozionalarekin.

Era berean, BBK Klimak esperientzien unibertsoa zabaldu du aurtego udan, teknologia, narratiba eta ingurumen kontzientzia uztartzen dituzten proposamen berriekin, "adin guztietako bisitariak harritzeko": '5 harribitxietako ginkana', tirolina, 'Nor da nor?', negutegi puzgarria, 'Bira eta bira', 'Deskarbonizazioa', 'Plastikozko irlak', 'Urmaela', 'Initi' (interaktiboa), 'Paint2Life', 'Domoa' eta ihes-gela.

Orobat, BBK Klimak 'Ulysses esperientzia' eskainiko du aurten ere, berrikuntza eta dibulgazio zientifikoa uztartuz gure garaiko erronka ekologiko handienetako bati heltzeko: itsasoko zaborra.

Geolokalizazio teknologiaren eta ibilbideen analisiaren bidez, espazio mugikor eta ibiltariak aukera emango die bertaratzen direnei esperientzia interaktibo bat izateko, Bizkaiko Golkoko uretan murgildu eta plastikoek itsaso eta ozeanoetan sortzen duten arazoa ezagutzeko.

BESTE JARDUERA BATZUK

Bestalde, ostiralean egingo den Euskal Herriko Artisau Garagardo Azokarekin batera, jasangarritasuna, kultura, gastronomia eta sormena lotzen dituen askotariko jarduerekin osatuko da BBK Klimaren aurtengo udako egitaraua.

Horrela, abuztuaren 3an Atunaren Eguna antolatuko da Bermeo Tuna World Capital elkartearekin lankidetzan, eta abuztuaren 10ean eta 24an eta urriaren 12an udako zinema saioak izango dira.

Irailaren 17tik 20ra, BBK-k Daan Roosegaarde artistaren 'Waterlicht' instalazioa aurkeztuko du Bilboko Itsasmuseumen. Argi eta lainozko ikuskizun poetikoa da, itsas mailaren igoeraren efektu bisuala birsortzen duena eta trantsizio hidriko berritzaile eta jasangarri baten premia azpimarratzen duena.

Azkenik, irailaren 27an, Fashion Revolution eta Urdaibaiko Esentziak elkarteen eskutik moda etiko eta jasangarriaren desfilea izango da, Urdaibaiko produktuen eta txakolinen dastaketarekin. Sormena, kontzientzia soziala eta lurraldearen zaporeak uztartzen dituen ekitaldiak kontsumo azkarraren ereduari buruz hausnartzera gonbidatuko du, planetarekiko eta pertsonekiko errespetuzko alternatibak aurkeztuz.

GASTRONOMIA

Era berean, esperientziak osatzeko, BBK Klimak tokiko eta sasoiko produktuaren aldeko apustua egiten duen gune gastronomikoa izango du aurtengo udan. '0 kilometroa' kontzeptuan oinarritutako proposamena da, eta eskainiko diren fruta eta barazki asko zuzenean eskualdeko ekoizleek ekarriko dituzte.

"Ingurunearekin konektatzeko, tokiko ekoizleei laguntzeko eta jasangarritasuna ere landatzen eta dastatzen dela erakusteko modu gozo eta koherentea", adierazi dute BBK Klimatik.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado