BBK-k zentro berri bat eskainiko du bere udalekuetan, Nafarroako Larraun eskualdean

Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 26 marzo 2012 18:29

BILBO 26 Mar. (EUROPA PRESS) -

BBKren Gizarte Ekintzak haur eta gazteentzat diseinatu dituen jardueretan izena emateko epea ireki da, eta aurten, gainera, nobedade ugari izango dira, batez ere udalekuen atalean. Bizkaiko Sukarrieta eta Errioxako Briñas zentroez gain, aurten Arotz-Eneako ingurumen-eskolara joateko aukera ere egongo da, Nafarroako Larraun eskualdean, BBKren iturriek jakinarazi dutenez.

Briñaseko eta Sukarrietako haur udalekuak ekainaren 25etik abuztuaren 18ra egingo dira, astebeteko txandetan; Arotz-Enean, aldiz, egonaldiak hamar egunekoak izango dira, ekainaren 23tik abuztuaren 31ra. Izena emateko epea apirilaren 20ra arte luzatuko da, eta 4.000 leku inguru eskainiko dira.

Jardueren programa bera izango dute hiru udalekuek, ingurumenarekiko errespetua oinarri izanik. Izan ere, bizikidetza eta naturarekiko harremana sustatzea helburu duten jarduera ugari eskaintzen baitituzte, betiere bikain hornituta eta natura-ingurune ederretan dauden zentroetan.

Ohiko udalekuen programarekin batera, BBK-k eskaintza berri bat diseinatu du Gaztedi Planeko titularrentzat. Gazteentzako uda eta udaberrirako aisialdi-programaren bost modalitate berri dira, 1.000 lekurekin: Mendiko udalekuak, Emozio jolastuak udalekuak, Saskibaloi udalekuak, Kirol anitzeko udalekuak eta Abentura anitzeko udalekuak.

Hainbat kiroletan aritu eta hizkuntzak ikasteko aukera eskaintzen dute egonaldi hauek, etxetik hurbil edo urrunago, itsaso bazterrean ala mendian, eta lagun berriak egiteko aukera bikainarekin. Programaturiko jarduera guztien eta izena emateko epe eta moduen inguruko informazioa BBKren webgunean dago: www.bbk.es.

6 eta 17 urte bitarteko gaztetxoentzat BBK-k diseinatu duen jardueretan beste 7.500 leku daude, campus zein hizkuntza-ikastaroen modalitatean. Udako campusetan hizkuntzen, kirolen eta tailer artistikoen programak eskaintzen dira, egun osokoak ala egun erdikoak. Dagoeneko hasi da izena emateko epea. Hemendik oso hurbil edo munduko beste muturrera joanda egin daitezke hizkuntza-ikastaroak, Kanadan edo Amerikako Estatu Batuetan kasu.

Halaber, 8 eta 18 urte bitarteko neska-mutilei hizkuntzak ikasteko hainbat aukera eskaintzen zaizkie ikastaro hauetan. Familien artean edo egoitzetan egingo dira, ondoko leku hauetan: Puente la Reina-Gares, Tarazona eta Dueñas, Irlanda (Waterford, Galway eta Wicklow), Ingalaterra (Bournemouth, Bognor, Worthing, Eastbourne, Scarborough, Bedford, Reigate, Canterbury, Sheffield eta Kent), Gales (Swansea), Estatu Batuak (Ekialdeko kostaldea eta New York, Ekialdeko kostaldea eta Long Island, Nueva Ingalaterra, San Francisco, North Carolina, Florida, eta Maryland), Kanada (London eta Toronto) eta Malta (Saint Julians eta Salina Bay) ingelesa ikasteko, eta Augsburg eta Biarritz alemana eta frantsesa ikasteko.

Hizkuntza-ikastaro guztiak udan egingo dira, eta izena emateko epea martxoaren 22an hasiko da. Haur eta gazteentzako jarduerei buruzko xehetasun guztiak BBKren webgunean eskuratu daitezke.

Contenido patrocinado