BILBO, 10 (EUROPA PRESS)
BBK-k Bizkaiko kultur sektorea babesteko "apustu sendoa" egiten jarraitzen du eta 'Kreoenti Kultura' proiektua abiatu du, "euskal artisten, arte eszenikoen eta musikaren biziraupena laguntzeko", bost euroko deskontu bonuen bidez. Uztailean, abuztuan eta irailean Bizkaiko aretoetan egingo diren kultur ikuskizunetako sarreren prezioa bost euroan murriztuko dute bonuek.
Ekimenaren arduradunek ostiral honetan Bilbon egindako aurkezpenean azaldu dutenez, oraingoz, ondoko hauek dira egitasmoarekin bat egin duten Bizkaiko kultur aretoak: Lonbo Aretoa (Arrigorriaga); Barakaldo Antzokia eta BEC (Barakaldo); Social Antzokia (Basauri); Arriaga, Euskalduna eta La Fundición (Bilbo), eta Serantes antzokia (Santurtzi).
Deskontua duten ekitaldiak 'Kreoenti Kultura' plataforman daude bilduta. Bertan, erabiltzaileek aukera dute sustaturiko ikuskizun guztiak ezagutzeko eta sarrerak erosteko. Ikuskizunotarako sarrerek bost euroko deskontua izango dute eta uztailean erosi ahalko dira, uztailean bertan, abuztuan eta irailean egingo diren ekitaldietarako. Guztira 16.000 bonu jarriko dira eskuragarri, 80.000 euroko balioa dutenak.
BBK-k azken hilabeteotan martxan jarri dituen beste ekimen batzuekin bat egin du egitasmo berriak, guztiak ere covid-19ak sortutako ondorio
ekonomikoak arintzeko. Konfinamenduko asteetan BBK Salak euskal talde eta
bakarlarien zuzeneko kontzertuak antolatu zituen, streaming bidez.
Era berean, kreonti.bbk.eus plataforma solidarioaren bidez, koronabirusak zigortutako beste sektore bati bizirik irauten lagundu zitzaion, saltoki txikienari, hain zuzen ere. Bonu trukagarrien bidez ondasunak edo zerbitzuak aldez aurretik erosita, BBK-k 679.310 euro eman zizkien Bizkaiko 1.605 saltokiri.