Beharsarea atariak euskarazko enpleguak sustatzeko hiru kanpaina egingo ditu 2026an

'Euskarazko Lanekin Match Egin!' Kanpaina
BEHARSAREA
Europa Press País Vasco
Publicado: sábado, 9 mayo 2026 10:32

BILBO 9 May. (EUROPA PRESS) -

Beharsarea atariak (www.beharsarea.eus) euskarazko enpleguak sustatzeko hiru kanpaina jarriko ditu martxan 2026an ere, 'Euskarazko lanekin match egin!' lelopean, iaz egindako lehen edizioak utzitako emaitzak onen ondorioz, Alkarbide Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunetik jakinarazi dutenez.

Hala, 2025ean bezala, lan poltsen bidez egituratu da zerbitzua, eta horietan oinarrituko dira hiru kanpainak: batetik, udako aisialdiko begirale eta entrenatzaileei dagokiena, dagoeneko martxan dagoena; bestetik, ikasturte berriaren atarian umeak zaindu edo haiei eskolak emango dizkien langileei zuzendua, eta, azkenik, Gabonetako kanpainari begira, merkatari eta ostalariena.

Bestalde, beren-beregiko kanpainarik izango ez duen arren, euskara eskolak emango dituzten edo euskaltegietan ariko diren irakasleei zuzenduriko lan poltsa ere aurkituko du erabiltzaileak beharsarea.eus atarian.

"Euskaraz egiten duten ume zaintzaile, tabernari, dendari eta bestelako langileen eskaera gero eta handiagoa da gure herrietan, eta eskaera horri erantzun nahi dio Beharsareak", adierazi dute ekimenaren sustatzaile diren Getxoko eta Leioako Udaletatik.

Horrez gain, zerbitzuaren "berehalakotasuna" nabarmendu dute, alegia, "goizetan haurrak eskolara eramango dizkien zaintzaile bila dabiltzan gurasoek, esaterako, egun batetik bestera aurki dezakete zaintzaile euskalduna Beharsarearen bidez".

Contador

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado