DONOSTIA 26 Oct. (EUROPA PRESS) -
Bergarako (Gipuzkoa) 38 entitatek euskara lan munduan sustatzea helburu duen 'Harixa' hitzarmena sinatu dute Miguel Altuna Lanbide Heziketako zentroan egindako ekitaldian. Lau urteko iraupena du hitzarmenak, eta oinarrizko konpromiso batzuk hartu dituzte bertan. Gainera, entitate bakoitzak konpromiso propioak hartuko ditu.
"Ez da biren arteko hitzarmen bat, askorena baizik. Elkarri esango diogu zer egiteko prest gauden, eta elkarri lagunduko diogu bidea egiten, harixari jarraituz", adierazi du ekitaldian Gorka Artola alkateak.
2021eko maiatzaz geroztik lanean dihardute hainbat eragilek 'Harixa' programaren barruan, eta lan mahaiak dira egindako lanaren emaitzetako bat. Bada, lan mahaiaren izenean, Erreka enpresako langile Oihana Irustak hartu du hitza, eta nabarmendu du ekimenaren askotariko izaera eta elkarri laguntzeko baliagarria izango dela.
Halaber, egoera linguistikoaz aritu da alkatea, eta esan du Bergaran "lan handia" egin dela lan munduaren euskalduntzean, baina, hala ere, bizitzako beste esparru batzuekin alderatuta, lan munduarenean euskararen presentzia "nabarmen ahulagoa" dela.
Edonola ere, nabarmendu duenez, "gaur egun 30 urte baino gutxiago dituzten eta Bergaran eskolatu diren herritar guztiek D ereduan egin dituztela Derrigorrezko Hezkuntzako ikasketak. Eskolaz kanpoko munduan ere aurrerapauso nabarmenak egin dira azken urteetan eta nagusiki euskaraz funtzionatzen du".
Beraz, Artolaren esanetan, "behar beharrezkoa daeskolan egindako ahalegin horri jarraipena ematea, eta helduaroan euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzea. Eta hor leku berezia izan behar du lan arloak, helduok bizitzan denbora tarte handiena igarotzen dugun eremuetako bat delako eta lan mundua gizarte harremanen sorleku nagusietako bat delako".