Bilbok emakumeen askatasuna aldarrikatuko du M-8ko kanpainan

Archivo - M-8ko manfiestazio bat Bilbon
IREKIA - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 23 febrero 2026 15:02

BILBO 23 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunari begira antolatutako kanpaina instituzional berria aurkeztu du, eta "hiriko emakume guztien askatasun erreal eta eraginkorrarekiko konpromisoa" berretsiko du haren bidez. 'Berdintasunik ez, askatasunik ez' lelopean, mezu argia eta irmoa aldarrikatu nahi du: "emakume guztiek libreki erabaki ahal izan dezatela beren bizitzei buruz, oztoporik gabe, beldurrik gabe eta eskubide guzti-guztiekin, aukera berdintasunarekin eta beren erabakiak mugatzen edo baldintzatzen dituzten oztopoak baztertuta".

Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, M-8ko aurtengo kanpainak hiru irudi nagusi ditu, bakoitza emakumeen askatasunaren muga zehatz bat salatzen duen baieztapen bati lotua: 'Ez dago askatasunik, desberdinkerien gatibu segitzen badugu', 'Ez dago askatasunik, bideak blokeatuta badaude' eta 'Ez dago askatasunik, eskubideek mugak gainditzen ez badituzte'. Piezak, estetika zuzenekoa eta sinbolikoa dutenak, dagoeneko banatuta daude hirian zehar, bai eta instituzioen komunikazio kanalen bidez ere.

Itziar Urtasun Berdintasuneko zinegotziak adierazi duenez, "efemeride honi esker, ikus dezakegu gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren arloan egin dugu bidea. Baina, batez ere, nahi dugun etorkizuna eraiki dezakegu: gizarte bidezkoa eta berdintasunezkoa, bizitza duin eta libreak dituena".

Ildo horretan, zinegotziak herritarrak gonbidatu ditu "geratzera, hausnartzera eta baita ekitera ere". "Izan ere, martxoaren 8ak guztiok interpelatzen gaitu, eta instituzioen zeregina da berrikustea ea gure politikek gizartearen benetako premiei erantzuten dieten", gaineratu du.

Bilboko Udalak ikuspegi intersekzionalarekin bultzatzen ditu politika publikoak, bere premisa baita ez dagoela modu bakar bat emakume izateko. Bilboko emakumeen aniztasunari erantzuteko, Udalak modu koordinatuan lan egiten du hiriko udal zerbitzu eta gizarte entitate batzuekin, eta hala iristen da hiriko zortzi barrutietan hainbat eremutara, hala nola hezkuntzara, osasunera, kirolera edo aisialdira. Balio aldaketa bat sustatzea da helburua, Bilbo hiri berdinzaleago bat bihur dadin.

GONBIDAPENA

Horrela, Bilboko Udalak gonbita egin die herritarrei, Emakumeen Nazioarteko Egunaren esparruan, berdintasunaren aldeko jarrera aktiboa izan dezaten eta "desberdinkeriek emakumeen bizitzak baldintzatuko ez dituzten etorkizun bat" erreibindikazioarekin bat egin dezaten.

Helburu horrekin, hainbat euskarri fisikotan egongo da ikusgai kanpaina berria, hala nola hiri altzarietan, udal egoitzetako pantaila digitaletan, www.bilbao.eus webgunean eta Udalak sare sozialetan dituen kontuetan ere.

Martxoaren 6an ekitaldi bat egingo da Yimby espazioan, 11:00etan, eta Emakumeen Nazioarteko Eguneko Bilboko Adierazpena irakurriko da bertan. Itziar Urtasun Berdintasuneko zinegotzia eta udalbatzako ordezkaritza bat izango dira bertan, udal sailetan berdintasunaren sustapenaren arloan aritzen diren profesionalekin eta hiriko emakume elkarteekin batera.

Contador

Contenido patrocinado