Bilboko Haurren eta Nerabeen Udal Kontseiluaren ikasturteko lehen osoko bilkura egin dute

Bilboko Haurren eta Nerabeen Udal Kontseiluaren ikasturteko lehen osoko bilkura egin dute
BILBOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 20 noviembre 2026 15:44

BILBO 20 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak Haurren eta Nerabeen Udal Kontseiluaren 2026-2027ko ikasturteko aurreneko osoko bilkura antolatu du Bilborock aretoan ostiral honetan, Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat etorriz. Amaieran, Erriberako Merkatuan jardunaldiari buruzko inkesta bat egin dute, photocall batean argazkiak atera dituzte eta egunaren oroimenezko poltsak banatu dizkiete herritarrei.

Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, osoko bilkurako buru Itxaso Erroteta Haurren eta Nerabeen Udal Kontseiluaren presidente eta Gizarte Ekintzako zinegotzi eskuordea izan da, eta berarekin batera Gorka Romero Unicefen Euskadiko Batzordeko kidea egon da. Bilboko Udalean ordezkaritza duten indar politiko guztietako ordezkariek ere parte hartu dute.

Kontseiluko neska-mutikoei eta nerabeei ongietorria egin ondoren, parte hartze bidezko aurrekontuetan aurrera egin duten bi proposamenak azaldu dituzte: Areatzan iturri gehiago jartzea eta Solokoetxeko zabuak estaltzea. 2026-2027ko ikasturtean landuko diren gaiak ere aukeratu dira, eta Gizarte Ekintzako Sailak, gainera, hiriko espazio ikusgarri batean haurren eskubideak irudikatzen dituen horma-irudi bat egiteko proposamena aurkeztu du.

Bilboko Haurren eta Nerabeen III. Planari dagokionez, Kontseiluko kide berriak aurkeztu dituzte (46 kideetatik 28, ordezkaritza paritarioarekin), Haurren eta Nerabeen Udal Planaren zirriborroari egindako ekarpena aurkeztu dute, eta udal eremuan lehentasunezkotzat jotzen dituzten ekintzak azaldu dute, haur eta nerabeentzako hiria nolakoa den, zer gustatzen zaien, zer premia detektatzen dituzten eta zer alderdi hobetu beharko liratekeen hausnartuz.

III. Plana laster onartuko da, eta hiru ardatzen inguruan egituratuko da: 'Haurrak eta nerabeak aukera berdintasunean', 'Haurrak eta nerabeak osasuntsu eta ongizate emozionalean hazi', eta 'Ingurune jasangarriak eta haur eta nerabeekin konprometituak'.

Ardatz horiek, era berean, zortzi helburu bultzatuko dituzte: haur pobrezia eta gizartean dagoen berdintasunik eza gutxitzea; egoera zaurgarrian edo babesgabetasun arriskuan dauden haur eta nerabeen babesa; hazkuntza arduratsua eta familientzako laguntza sustatzea; osasun fisikoa eta ongizate emozionala sustatzea bizi zikloaren lehen etapetatik; kultur, aisialdi eta euskara eskaintza askotarikoa, erakargarria eta hurbilekoa indartzea ingurune seguruetan; haurrek eta nerabeek hiriaren bizitza publikoan parte hartzea bultzatzea; genero berdintasuna eta aniztasunarekiko errespetua sustatzea; espazio publikoa haur eta nerabeentzako irisgarriagoa eta atseginagoa izan dadila bermatzea. Zortzi helburu horietatik 200 jarduketa inguru aterako dira gauzatzeko.

Lan saioaren eta bateratze saioaren ondoren, irteera bat egin dute aldamenean dagoen Erriberako Merkatura, jardunaldia borobiltzeko: photocall bat ipini dute eta eguna gomutatzeko poltsak banatu dituzte hurbildu direnen artean. Kontseiluko neska-mutilek merkatuan zeuden pertsonei galdetu diete ea ba al dakiten zer egun ospatzen den, Haurren eta Nerabeen Eskubideak aitortzeko jardunaldiari ikusgarritasun handiagoa ematearren.

Contador

Contenido patrocinado