Bilboko konpartsek Txosnagane mendi igoeran izena emateko epea ireki dute

Nerea Lopez eta Andrea Abaskal, iazko ibilbide laburreko irabazleak
BILBOKO KONPARTSAK
Europa Press País Vasco
Publicado: domingo, 23 abril 2023 14:31

BILBO 23 Abr. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Konpartsak federazioak Txosnagane mendi igoeraren hamaikagarren ekitaldian izena emateko epea zabaldu du. Ibilaldi neurtua ekainaren 10ean izango da eta izen-ematea doan egin daiteke bikoteka, ekainaren 8ra arte, bilbokokonpartsak.eus webgunean, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Txosnagane mendia hainbat izenekin da ezaguna, besteak beste, Biderdi, Ganetxiki eta Larrentxu. Pagasarriren eta Ganekogortaren artean dago eta 877 metroko altuera dauka. Iaz, ibilbidea aldatu behar izan zen, Supersur aubtobidearen Bolintxuko loturaren eraikuntza lanak zirela eta, agintariek ohiko ibilbidea bertatik igarotzea galarazi baitzuten.

Aurten, berriro ohiko bi bideak berreskuratu dira, parte hartzaileek aukeratzeko. Bat luzea da, mendian eskarmentua duen jendearentzat, 19,48 kilometrokoa (854 metroko goranzko desnibela); 08:15ean dokumentazioa batu eta 15 minutu geroago irtengo da San Adrian auzoko eliza paretik. Bigarren bidea laburragoa da, 14,39 kilometrokoa (446 metroko goranzko desnibela), eta parte hartzaileek 09:15ean dokumentazioa batuko dute eta 15 minutu geroago irtengo dira, leku beretik.

Helmuga Atxuriko Enkarnazio plaza izango da, auzoko jaiekin bat eginez. Bertan, mendizaleek aurkituko dituzte indarrak berreskuratzeko eta behar den guztia. Han bertan izango da parte hartzaileentzako sari banaketa ere.

Contenido patrocinado