BILBO 4 (EUROPA PRESS)
Bilboko Udalak Zazpikaleetako Gas plazako haurrentzako jolastokia handitu eta hobetzeko obrak amaitu berri ditu, herritarrei aisialdirako espazio irisgarriagoa, inklusiboagoa eta adin guztietako umeen beharrizanetara egokitua eskaintzeko. Guztira, 296.900 euro inbertitu dira azken hiru hilabeteetan egin dirn lanotan.
Hain zuzen, Bilboko Udalak jakinarazi duenez, proiektua Auzokide planaren barruan egin da, eta jolastokiaren maldan txirrista berria jarri da, haurren hazkunde etapa desberdinetara egokitutako elementuak izango dituen beste jolastoki bat sortu da eta zoladura eta hiri altzariak osorik berritu dira. Gainera, pergola batzuk jarri dira, gerizpea emateko eta erabiltzaileen erosotasuna hobetzeko.
Horrekin guztiarekin, Bilboko Udalaren helburua izan da eremuren estetika, espazioen funtzionaltasuna eta hiri irisgarritasuna hobetzea. Izan ere, gune berria irisgarritasun unibertsaleko irizpideekin eta material seguru eta jasangarriekin diseinatu da, haurren eta haien familien jolas partekatua eta bizikidetza bultzatzeko.
Jarduketaren barruan sartu dira, orobat, kautxuzko zoladura berritzea, plazako banku guztiak material iraunkorragoekin eta mantentzeko errazagoekin zaharberritzea, eta inguruneari kolorea eta balio estetikoa emango dion horma irudi artistiko bat egitea.