BILBO, 7 (EUROPA PRESS)
Bilboko Udaleko Hezkuntza Sailak lanak hasi ditu Otxarkoaga auzoan dagoen Artatse Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeko goiko eraikineko leihoak eta kanpoko arotzeria berritzeko, energia eraginkortasuna hobtzeko asmoz. Bost hileko epea aurreikusi da obrak egiteko, eta inbertsioa 619.396,66 eurokoa izango da.
Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, esku hartzearen helburua da ikastetxeko energia eraginkortasuna hobetzea eta ikasle eta irakasleentzat neguan zein udan konfort termiko eta akustiko handiagoa bermatzea. Gainera, eguzki kontrola errazteko eta ikasgeletako arbel digitalen ikuspena hobetzeko pertsianak jarriko dira.
Eider Bilbao Hezkuntza Saileko zinegotzi eskuordeak adierazi duenez, "eskola publiko kalitatezkoak, seguruak, jasangarriak eta gaur egungo beharretara egokituak sustatzen jarraitzen dugu. Artatse HLHIko jarduketak argi erakusten du nolako konpromisoa hartu dugun gure hiriko ikastetxeak etengabe hobetzeko".
Eraikina 1982an egin zen. Gaur egun Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 194 haur hartzen ditu, eta gela egonkor bat ere dauka. Lanak ikasleen oporraldiarekin batera abiatu dira, eragozpenak murrizteko eta ikastetxea datorren ikasturtearen hasieran egoera onean egongo dela bermatzeko.