Bizkaiko Erizainen Elkargoak Bilboko Urrezko Domina jaso du

Aburto Urrezko Domina jartzen elkargoko ordezkariari
BILBOKO UDALA
Actualizado: viernes, 15 febrero 2019 13:12

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak Bizkaiko Erizainen Elkargoari eman dio hiriko Urrezko Domina, Juan Mari Aburto alkateak proposatuta eta alderdi politiko guztien aho bateko adostasunaz. Ezohiko udalbatzar berezian hartu da erabaki, ostiral honetan, gizartearen mesedetan egindako ehun urtetik gorako ibilbide profesional emankorra aitortzeko.

Jendaurreko agerraldian, Aburtok erizainen eguneroko lanaren garrantzia nabarmendu du. Gainera, gogoratu du emakume gehiago dagoela erizaintzan gizonezkoak baino, eta "gizartearen aldeko bokazio eta entrega eredutzat" jo ditu. Halaber, eskerrak eman dizkio Bizkaiko Erizainen Elkargoari, "emakumeak agerira ekartzeagatik mundu osoan eskatzen diren profesional bikainen moduan eta haien egoera normalizatzeagatik".

Bilboko alkateak gogoratu du agintaldi honetan hirugarren aldiz eman duela udalak Urrezko Domina. "Duela bi urte, Bizkaiko Medikuen Elkargoari sari hau emateko ohorea izan genuen, eta, iaz, Euskaltzaindiari; biak ere ehunka urteko erakundeak, gure hirian tinko errotuak, eta halaxe sartu ziren Hiriaren Urrezko Dominaren bereizgarria jaso duten pertsona ospetsuen eta entitateen zerrenda luzean".

Zerrenda horretan daude, besteak beste, Deustuko Unibertsitatea, Erruki Etxea, Basurtuko Ospitalea, Arte Ederren Museoa, Bilboko Goi Mailako Ingeniaritza Eskola Teknikoa, Bilboko Cocherito Kluba, Athletic Club, Bilboko Merkataritza Eskola eta Bilboko Merkataritza Ganbera.

Bizkaiko Erizainen Elkargoaren izenean, Maria Jose Garcia Etxanizek berretsi egin du erakundeak "herritarren osasunarekin, legearekin eta arau deontologikoekin duen konpromisoa". "Duela ehun urte baino gehiago hartu zuen bere gain konpromiso hori, eta espero dugu tinko eustea eta atsedenik gabe hobetzea, egunez egun, geroan ere", esan du.

Halaber, iragarri du doako prestakuntza eta sustapen ikastaroak eskainiko dituztela herritar ororentzat, osasun intereseko hainbat gairen gainean, plataforma teknologiko berritzaile baten bitartez. Ekimen hori "osasunarekiko konpromisoari" zor zaio.

BIZKAIKO ERIZAINEN ELKARGOA

Bizkaiko Erizainen Elkargoa zuzenbide publikoko korporazioa da, berezko nortasun juridikoarekin, eta lurralde historikoko 8.500 kide baino gehiago ordezkatzen ditu. Euskadiko lanbide elkargorik handiena da, eta kideen arteko %85 baino gehiago emakumeak dira.

Bizkaiko Erizanen Elkargoaren lehenengo aipamen dokumentala 1904koa da, praktikanteen eta erizainen karrerak arautu ziren urte berekoa. Izan ere, praktikanteen, emagineen eta erizanen lanbideen arteko batura ad erizaintza. 1978an eratu zen Bizkaiko Osasun Laguntzaile Teknikoen Elkargoa, egungo Bizkaiko Erizainen Elkargoaren aurrekaria, hain zuzen; izan ere, 2005ean hartu zuen oraingo izena, estatutu berriak onetsita.

Egoitza Bilboko Rodriguez Arias kalean duela, Bizkaiko Erizainen Elkargoak profesionalen aldeko sustapen eta aitorpenezko jarduerak antolatzen ditu, hala nola Vicenta Lopez Echevarria ikerketa sariak, Erizaintzaren Nazioarteko Eguna (maiatzak 12), edo 20 urte baino gehiagoan elkargoko kide izan eta erretiratu diren profesionalei elkargoaren bereizgarria ematea.

Orobat, elkargoa arduratzen da bere kideen jarduera profesionala arautzeaz, etika eta duintasun profesionala zainduz eta erien eskubideak begiratzen direla ziurtatuz. Elkargoko kideen interesen ordezkaritza eta defentsa egiteaz ere arduratzen da, eta elkarlanean jarduten du hainbat administraziorekin lanbideari dagozkion gaietan, arreta berezia jarriz intrusismoari.