BILBO 22 Jul. (EUROPA PRESS) -
Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregia izango da protagonista ONCEk uztailaren 29an kaleratuko duen kupoian, 120. urteurrena dela eta. Bilboko Kale Nagusian kokatutako lurraldeko eraikin enblematikoetako baten irudia estatu mailan banatuko diren 5,5 milioi kupoietan agertuko da.
Bizkaiko Aldundiko Administrazio publikoko eta erakundeen arteko harremanetako diputatu Ibone Bengoetxea, Euskadiko ONCEko lurralde ordezkari Juan Carlos Andueza, Euskadiko eta Kantabriako ONCEko jokoaren buru Miguel Morado eta Foru Jauregiaren aurrean ONCEko kupoi eta produktuak saltzen dituen Jesus Puebla egon dira irudia aurkezteko ekitaldian.
Hala, Bizkaiko Foru Jauregia lurraldeko beste ikur batzuri gehituko zaie, azken hilabetean ONCEko kupoietan agertu baitira Bilboko Arriaga antzokia edo Gaztelugatxe.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregia XIX. mende bukaeran diseinatu zuten, eta Euskadiko arte garaikidearen eklektizismoaren lan garrantzitsuenetakoa da. 1890ean hasi ziren eraikitzen, Luis Aladren Mendivil arkitekto zela. Proiektuak Bilboko burgesen aurreikuspenak asebete zituen, lurraldeko ekonomiaren gorakada eta indarra adierazi nahi baitzuten.
Jauregiaren barrualdea eskailera handiak eta dekorazio gainkargatuak apaintzen dute, Bizkaian garai horretako arte aplikatuen ospea erakutsiz. Hala, marmolak, egurrak, iztukuak, ispiluak, igeltsuak, pitxerrak, zeramikak, beirateak eta XIX. mende bukaerako margolari garrantzitsuen koadroak ditu.
Besteak beste, Jose Echenagusiak, Anselmo Guineak eta Alvaro Alcala Galianok margotutako sabaiko pinturak, Daniel Zuloagaren hiru xafla zeramikoak eta Antonio Rigaltek Anselmo Guinearen zirriborroarekin egindako eskailera nagusia ikus daitezke. Dekorazioa aparta da, garai hartako burgesek beren ahalmen ekonomikoa erakutsi nahi zutelako.
Solairu nagusian hainbat areto daude, besteak beste, harrera aretoa, tronuaren edo Versaillesko aretoa, osoko bilkuren aretoa edo Ahaldun Nagusiaren areto gorria. Azken horrek 15 metro koadro inguru ditu, eta bertan balio handiko objektuak daude, besteak beste, Sevresko portzelanazko hiru pitxar, Frantziako enperatriz Montijoko Eugeniak Bizkaiko Foru Aldundiari 1857an oparitu zizkionak, bere semea jaio zelako.