BILBO, 15 (EUROPA PRESS)
Bizkaiko Foru Ogasunak 764,2 milioi euro bildu ditu urtarrilean zerga itunduen bidez, joan den urteko hilabete berean bildutakoa baino 21,6 milioi gutxiago. Horrek esan nahi du %2,8ko jaitsiera egon dela diru bilketan. Era berean, urteko lehen hilabetean bildutakoa ekitaldi osorako aurreikusitako guztiaren %9,7 da. Urte osorako 7.868,9 milioi euroko bilketa aurreikusi du foru erakundeak.
Horrela, Bizkaiko Ogasunak bildutako kopuru osotik, 619 milioi euro zuzeneko zergapetzeari dagozkio, eta %1,9 hazi da 2018ko urtarrilekoaren aldean. Zuzeneko zerga nagusien artean, PFEZ %5,5 gehitu da, eta nabarmentzekoa da lan atxikipenen %6,8ko igoera. Sozietate zerga %42,9 murriztu da, kapital higigarriaren atxikipenek, ondare irabazien atxikipenek eta sozietateen diferentziazko kuotak bilakaera negatiboa izan dutelako.
Halaber, zeharkako zergen bidez 141,3 milioi euro bildu dira, iaz baino %18,7 gutxiago. Atal honetan, jaitsi dira kudeaketa propioko BEZ (-%60,6) eta Hidrokarburoen gaineko Zerga Berezia (-%9,2), diru gehien ekartzen duten bi zergak, alegia. Bestalde, tasak eta beste sarrera batzuk direla eta, 3,9 milioi euro bildu dira, 2018ko lehen hilabetean kontzeptu hori dela-eta jasotakoa baino 0,5 milioi gutxiago.
Bizkaiko Ogasunak gogorarazi du urtarrilean oraindik ez direla lehen doikuntzak egin, ez foru aldundien arteko barne doikuntzarik, ez eta Estatuarekin ere. Era berean, zenbait zergari dagozkien hiruhilekoko lehen likidazioak ere ez dira egin, eta, beraz, bilketako lehen datu hau ez da nahikoa esanguratsua urteko gainontzeko hilabeteetan bilketa zenbatekoa izango den iragarri ahal izateko.