Bost Kontinenteetako Landareen IV. Azokak 34 erakusketari bilduko ditu asteburu honetan EHUko Arboretum gunean

Arboretum
EHU
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 5 octubre 2018 17:51

BILBO 5 Oct. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiko Basalan sozietate publikoak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Bost Kontinenteetako Landareen IV. Azoka antolatu dute. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE), Espainiako eta Frantziako 34 ekoizlek mundu guztiko landareen aukeraketa bat erakutsiko dute larunbatean eta igandean, urriaren 6an eta 7an, EHUko Leioa-Erandio eremuan dagoen Arboretum gunean. Azokan laguntzaile aritu dira Leioako eta Erandioko udalak eta BBK-ko Gizarte Ekintza.

Modu honetan, antolatzaileek adierazi dutenez, Arboretum landare ekoizleen topagune bihurtuko da berriro ere. Mundu guztiko espezieak ekarriko dituzte, merkataritza harremanak sendotzeko eta barietate horiek landatzen dituztenen artean teknikak trukatzeko helburuarekin.

Landare usaintsuak eta sendabelarrak, miniaturan egindako paisaiak eta egokitutako landareak (bonsaiak, landare zukutsuak), kaktusak, teila gainean landatutako iratzeak, orkidea tropikalak, Hegoafrikako landare erraboildunak edota landare haragijaleak ikusi eta erosi ahal izango diren azokan, besteak beste. Iaz bezala, aurten ere basoko hazien eta Martintxuneko foru mintegiko landareen erakusketa bat ere egingo da. Mintegiko landareak interes bereziko eremuak lehengoratzeko erabiltzen dira.

Bertaratu nahi dutenek autobus zerbitzua izango dute Leioako eta Astrabuduako metro geltokietatik 10:00etatik 18:00etara bitartean, hau da, azokako ordutegian. Gainera, antolatzaileek ibilgailu bat eskainiko die mugikortasun murriztua duten pertsonei. Sarrerak euro bat balio du, eta 12 urtetik beherako neska-mutilak doan sartu ahal izango dira.

Gainera, azokara doazenek Arboretum guneko bidezidor sareaz gozatzeko aukera izango dute. Lursail horrek 19 hektarea eta 1.700 zuhaitz ditu, bost kontinenteetatik ekarritako 130 espezietakoak. Arboretum Bizkaiko espazio naturalik garrantzitsuenetakoa da.

Contenido patrocinado