BILBO 9 May. (EUROPA PRESS) -
Iruñeko Komunikabideak Fundazioak eta Euskaltzaindiak Caparroso (Nafarroa) eta inguruko (Arrada, Zarrakaztelu, Santakara eta Martzilla) haur euskaldunak saritzeko ekitaldia antolatu dute iganderako, maiatzaren 10erako, "azken urteotan ingurune zail horretan euskaraz ikasteko egin duten esfortzua" aitortzeko.
Euskararen Akademiako iturriek nabarmendu dutenez, Caparroso eta inguruko familia eta haur horien ahaleginari esker, "euskarak galduak zituen lurraldeak berreskuratu ditu, oraindik neurri apal batean bada ere".
Sari-ematea 12:30ean izango da, Caparrosoko Espainia plazan, eta ondoren, dantza erakustaldia eta haur jostaketak izanen dira, eta, azkenik, 12 minutuko bideoa erakutsiko da, non azalduko den D ereduak hamar urtetan herriko eskolan egindako ibilbidea.
2024an, Mañeruibarko (Mañeru, Zirauki, Artazu eta Girgillao) familiei seme-alabak euskal irakastereduen bidez euskalduntzeko egin izan duten ahalegina aitortu zieten. Aurten, Caparrosoko eta inguruko herrietako haurren txanda izango da. Iruñeko Komunikabideak Fundazioak eta Euskaltzaindiak egina duten hitzarmenaren barruan dago kokaturik ekitaldia.