BILBO, 29 (EUROPA PRESS)
Telmo Esnal zinemagileak zuzenduriko 'Dantza' filma Argentinako zazpi hiritan ikusi ahal izango da datozen egunetan. Filmarekin batera, Esnal bera eta Gari Otamendi dantzari protagonista ere bertan izango dira, Txintxua Films ekoiztetxeak jakinarazi duenez.
Etxepare Euskal Institutuaren, Eusko Jaurlaritzaren Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzaren eta Euskadiren Argentinako Ordezkaritzaren (Mercosur) arteko lankidetzaren fruitua da bira.
Filmaren emanaldiak ostegunean hasiko dira, urriaren 31n, Buenos Airesen, eta ondoren, Rosario, Villa María, Mendoza, Necoechea, Tres Arroyos eta Bahía Blanca hirian egongo dira.
Etxepare Euskal Institutuaren lankidetzari eta Argentinako Euskal Etxeetako koordinazio lanari esker izan da posible bira. Proiekzio egunetan, Telmo Esnal zuzendariaren eta Gari Otamendi dantzari protagonistaren aurkezpenak eta solasaldiak ikusi ahal izango dira.
Emanaldi hauetaz gain, Esnalek eta Otamendik 'Euskal Dantza tailerrak' emango dituzte, Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxean asteazkenean, urriaren 30ean, eta Bahía Blancako Euskal Astean azaroaren 8an.
Modu honetan, Misiones hirian ospatzen den Entre Fronteras maiatzeko jaialdian eta La Plata hiriko emanaldiaren ostean, 'Dantza' Argentinara itzuliko da, eta horrela, Uda aurretik AEBetako zortzi hiritan zehar eginiko biraren ondoren, nazioarteko ibilbidea jarraituko du. Azken hilabeteetan hainbat nazioarteko zinemaldietan egon da, hala nola Vancouver (Kanada), Shanghai (Txina), Viña del Mar (Txile), Nantes eta Cahors (Frantzia), Edinburgo (Eskozia) eta Ludwigshafen am Rhein (Alemania).