Donostiako 36. Gazteen Antzerki Topaketak 19 antzezlan eskainiko ditu

Donostiako 36. Gazteen Antzerki Topaketaren aurkezpena
DONOSTIAKO UDALA
Europa Press País Vasco
Publicado: sábado, 10 mayo 2025 10:42

DONOSTIA 10 May. (EUROPA PRESS) -

Donostia Gazteria udal erakundeak 36. Gazteen Antzerki Topaketa antolatu du maiatzaren 14tik ekainaren 13ra, Donostia Kulturarekin elkarlanean, eta guztira 19 antzezlan izango dira hiriko zenbait agertokitan.

Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan, Antzoki Zaharrean, Gazteszenan (Egiako Kultur Etxea), Lugaritz Kultur Etxean (Antigua), Intxaurrondo Kultur Etxean eta Kontadores gazte zentroan (Bidebieta) izango dira emanaldiak.

Antolatzaileek aste honetan egindako aurkezpenean adierazi dutenez, helburu nagusia gazteria eta antzerkiaren arteko harremana sustatzea da, antzezle edo publiko izateko aukera baitute emanaldietan.

Era berean, gazteen artean kultura ekitaldietara joateko ohitura bultzatu nahi dute ekimenaren arduradunek, baita haien sormen gaitasuna ere.

Horrez gain, Donostiako Gazteen Antzerki Topaketaren bitartez, parte hartzaileen kultur ekoizpenaren berri ematen da, antolatzaileen zabalkunde kanalei eta espresuki topaketarako sortutako materialei esker.

Ekoizpen propioak nahiz klasikoak ikusi ahal izango dira, eta Kimetz Etxabe, Irati Muñoz eta Eider Villalba antzezleak arduratuko dira antzezlanak baloratzea. Sari banaketa ekitaldia ekainaren 14an izango da, Victoria Eugeniako Club aretoan.

Emanaldi bakoitzerako sarreraren prezioa 3 euro izango da espazio guztietan, eta Victoria Eugenia, Antzoki Zaharra, Gazteszena, Intxaurrondo eta Lugaritzekoak asteartetik aurrera erosi ahalko dira.

Donostia Kulturako webgunean (www.donostiakultura.eus) eta obra bakoitza antzeztuko den espazioaren leihatilan erosi ahalko dira sarrerak; Kontadores gazte zentroko emanaldietakoak antzezpen egunean bertan erosi ahal izango dira, bertako leihatilan.

Contenido patrocinado