Donostiako Euskararen Udal Patronatua udal egituran txertatuko da urtarrilean

Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 27 diciembre 2011 18:14

DONOSTIA 27 Dic. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Euskararen Udal Patronatua udal egituran txertatuko da urtarrilaren 1ean. Donostiako Udaletik nabarmendu dute "aurrerapauso handia" dela eta "pozik" agertu da harturiko erabakiarekin. Azaroaren 15ean onartu zen aldaketa hau tokiko udal gobernuan, eta asteazkeneko udalbatzan behin betiko aurrera ateratzea aurreikusi du Donostiako Udalak.

Euskararen Udal Patronatua 1986an sortu zen, eta udalbatzak urte horretako urtarrilaren 24an onetsi zuen erakunde autonomoa eratzea eta uztailaren 15ean jarri zen martxan. Orain, berriz, udal egituran txertatzea onartuko da, "eraginkorragoa" izango delako. "Aurrerantzean Udaleko Euskara Zerbitzua izango da eta beste edozein zuzendaritzaren egitura izango du", adierazi dute Donostiako Udaleko iturriek.

Udal gobernuaren lehentasunetako bat euskara eta bere sustapena eta erabileraren normalizazioa dira, "kanpora begira eta barrura begira", benetako elebitasuna bermatzearekin batera.

Euskararen Udal Patronatua Udalaren egituran txertatuta egoteak "abantailak" dituela nabarmendu dute. Horrela, sailen arteko elkarlanerako bideak jorratzea erraztuko du, eta elkarlan horri esker lan bikoizketak saihestuko dira, udal baliabideen optimizazioa erraztuz.

Beste arrazoi bat da hizkuntza-normalizazioa lortzeko bideratzen diren ekintzek duten zeharkako izaera. Euskararen Udal Zerbitzuak euskara plana bideratzeko ardura nagusia badu ere, udal osoak du planaren helburu nagusia betetzearen erantzukizuna, euskara beste administrazioekiko eta udal barruko lan hizkuntza ere izan dadin. "Udal osoaren inplikazioa beharrezkoa da eta modu honetan hori lortzea errazagoa izango da", ziurtatu dute.

Organigramari dagokionez, langileek baldintza berberak izango dituzte patronatua desegin eta zerbitzu bihurtzen denean. Urtarrilaren 1etik aurrera gauzatuko da aldaketa.

Zerbitzuak hiru atal izango ditu: Udaleko Hizkuntza Normalkuntza Atala, barrura begira arituko dena; Hiriko Hizkuntza Normalkuntza Atala, kanpora begira lan egingo duena; Itzulpen Atala. Azken atal hau bigarren fase batean txertatuko da zerbitzuan, eta gaur egun giza baliabideen atalaren menpe dago, baina, aurki, euskara zerbitzuan txertatuko da.

Horrela udalaren hizkuntza-politikaren garapenerako "zerbitzu osoagoa" eskaini ahal izango da. "Biak elkartuta eta udalaren baitan txertatuta izanik, hizkuntza normalkuntza eta itzulpengintza, alegia, zerbitzu osoagoa eskaintzeaz gain, baliabideei etekin hobea ateratzea ahalbidetuko du", gaineratu dute.

Contenido patrocinado