Donostiako Haurtxokoen eta Gaztelekuen Udal Sarea zabalik da udako oporren ostean

Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 15 septiembre 2011 19:03

DONOSTIA 15 Sep. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Haurtxokoen eta Gaztelekuen Udal Sarea zabaldu da udako oporren ostean. Ongi pasatzeko eta heziketara tresnak eskaintzeko gune hauek haur eta gazteei zuzenduta daude eta oso harrera ona dute. Uztailean amaitu zen ikasturtean 63.410 erabilera izan zituzten, 34.648 Haurtxokoek eta 28.762 Gaztelekuek. Bataz beste 30 haur joaten da egunero Haurtxoko bakoitzera eta 28, berriz, Gaztelekuetara.

Naiara Sampedro Gazteria zinegotziak hainbat Haurtxoko eta Gazteleku bisitatu ditu gaur arratsaldean, departamenduak bermatu eta sustatu nahi dituen guneak baitira. Haurtxokoen eta Gaztelekuen sareak baloreetan oinarritutako hezkuntza proiektua izan nahi du, errespetua, askatasuna, berdintasuna, aniztasuna eta elkartasuna bezalako baloreak hartuz oinarritzat, hain zuzen.

Erabiltzaileen aldetik metodologia parte-hartzailea, aktiboa eta zuzena erabiliz, erabiltzaileen heldutasun pertsonala indartu eta sendotzea da helburua, konpromiso indibidual eta komunitarioa areagotuta.

Donostian zazpi Haurtxoko ditugu, 6 eta 12 urte bitarteko haurrak ondo pasatzen duten bitartean ikasi dezaten. Honako zerbitzuak daude besteak beste, jolas sinbolikorako eremua, adierazpen artistikorako edo gorputz-adierazpenerako eremua, eraikuntzako eta ikerketarako eremua, mahai-jokoen eremua, areto-jokoen eremua eta irakurtzeko gunea (ipuinak, komikiak etabar).

Era berean 13 eta 17 urte bitarteko gaztetxoentzat zazpi Gazteleku daude. Hauek dira horiek eskaintzen dituzten zerbitzuak, areto-jokoen eremua, mahai-jokoen eremua, tailerretarako gunea, irakurtzeko gunea (aldizkariak, komikiak etabar), teknologia berrien gunea eta gazteentzako informazioa jartzeko taulak, beste batzuen artean.

Zerbitzu publikoak, sarrera librekoak eta dohakoak dira. Haurtxokora edo Gaztelekura lehen aldiz joaten den haur eta gazte guztiei bazkide txartela irekitzen zaio. Intxaurrondoko Kultur Etxe berrian Haurtxoko eta Gazteleku bana jarriko dira, obrak urte berrirako amaitzea espero da.

Contenido patrocinado