Donostiako Udalak 440.000 euro banatuko ditu ikasturte honetan donostiarrek euskara ikas dezaten

#Euskaldunízate Lelodun Kanpaina Jarri Dute Martxan Berriro Donostian
DONOSTIAKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 3 septiembre 2025 16:44

DONOSTIA, 3 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udalak 440.000 euro bideratuko ditu 2025-2026 ikasturtean donostiarrek euskara ikas dezaten, eta, hiriko euskaltegiekin eta zentro homologatuekin batera, euskara ikasteko deia egin die. Ikasturte berrian euskara ikasi nahi dutenek izena emateko aukera dute jada hiriko euskaltegietan eta zentro homologatuetan, eta hori gogoratzeko, azken urteetan bezala, #euskaldunízate lelodun kanpaina jarri dute martxan.

Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura, Euskara eta Turismoko zinegotzi ordezkariak eta euskaltegi eta zentro homologatuetako ordezkariek elkarrekin aurkeztu dute kanpaina asteazken honetan.

Insaustik adierazi du kanpainaren leloak "ezin hobeto" jasotzen duela zabaldu nahi den mezua, "eta horregatik erabili dugu aurreko urteetako lelo bera". "#euskaldunízate hitz-jokoak euskalduntzeko modu ugari adierazten ditu, eta euskaraz eta gaztelaniaz du esanahia: euskaldun izatea, euskaraz, eta euskara ikasita euskalduntzea, gaztelaniaz", esan du.

Ikastaro eskaintza zabala dute Donostiako euskaltegi eta zentro homologatuek. Alde batetik, ikasturte osoan zehar ematen diren euskara ikastaro arruntak eskaintzen dituzte edozein herritarren beharretara egokitzen diren ordutegiekin: astean maiztasun eta ordu gutxiko ikastaroetatik hasi eta eguneko hiru eta bost orduko ikastaro intentsiboetaraino.

Horrekin batera, autoikaskuntzako ikastaroak ematen jarraituko dute. Sareko ikastaroak emateko programak dira, eta, kasu horietan, ikasle bakoitzak bere kasa antolatzen du egin beharreko lana, bakarka eta egokien irizten dion ordutegian. Horri gehitzen zaizkio zenbait tutoretza edo mintza saio.

Ikastaro horiez gain, xede bereziko taldeentzako egokitutako ikastaroak daude. Talde desberdinen behar komunikatiboetara egokitutako ikastaroak dira eta euskaltegiek eta Euskara Zerbitzuak elkarlanean antolatzen dituzte merkatari eta ostalarientzako, langabeentzako, gurasoentzako, erretiratuentzako, etorkinentzako eta 16-18 urtekoentzako.

Aurrekontuari dagokionez, 2025-2026 ikasturteko ikastaro arruntetarako laguntzetara 305.000 euro bideratuko dira, eta beste 135.000 euro aipatutako xede bereziko ikastaroak diruz laguntzeko.

Orobat, Jaurlaritzaren ekimenari esker, iaz A1 mailarekin egin bezala, aurten A2 mailako ikasleek matrikularen zati txiki bat ordaindu beharko dute bakarrik (ordu bat 0,6 euro), eta ikasturte amaieran dirua itzuliko zaie, baldin eta euskaltegiak A1 edo A2 maila aitortzen badio eta asistentzia, gutxienez, %75ekoa izan bada.

"Urrats hau beste mailetan ere doakotasunerantz emandako urratsak indartzera dator, izan ere, ikasleek ordaindutako matrikula arrunta berreskuratu dezakete baldin eta maila horiei dagokien gaitasuna eta egiaztapena lortzen badute", azaldu du Insaustik.

EPEAK ETA BALDINTZAK

2025-2026 ikasturtean euskara ikasi nahi dutenek Donostiako edozein euskaltegitan izena emateko aukera izango dute, eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak ikastarootarako diru laguntza eskatzeko epea maiatzaren 31ra arte luzatuko du. Ikasleek, ikasturtean zehar, ikastaroa hasten duten egunetik eskatu ahal izango dute diru laguntza.

Diru laguntza eskaera sarena egiteko aukera izango dute herritarrek www.donostia.eus eta www.donostiaeuskaraz.eus web orrietan; Euskara Zerbitzuaren bulegoan (Konstituzio plaza, 2) edo Udalinforen bulegoetan (Easo, Arroka, Morlans eta Altza) ere eskatu ahal izango da. Aurrez aurreko ikastaroez gain, bestelako ikastaro motak ere lagunduko dira: barnetegiak, autoikaskuntzakoak eta udakoak. Horiek diruz laguntzeko eskabidea ere maiatzaren 31n bukatuko da.

Diru laguntza eskatzeko baldintzak dira Donostian erroldatuta egotea, edota egoitza soziala Donostian duen entitate edo enpresa batean lan egitea. Era berean, laguntza jasotzeko hurrengo baldintza hauek bete beharko dira: euskaltegi edo bestelako zentro homologatu batean matrikulatzea, eskabidea beteta ezarritako epean aurkeztea, ikasturte amaieran gutxienez azpi-maila bat gainditzea eta %75eko asistentzia egiaztatzea.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak ematen dituen diru laguntzak bateragarriak izango dira ikasle batek jaso ditzakeen beste zenbait diru laguntzekin. Ikasle batek enpresa pribatu baten diru laguntza jaso arren (lan egiten duen enpresa, esate baterako), Euskara Zerbitzuarena ere eskatu ahal izango du, baita HABErena ere, betiere gainfinantzaketa ez dela izango ziurtatuta.

Contenido patrocinado