EAEko BPGren %4,59 eta Gipuzkoakoaren %5,34 euskararekin lotuta daude

Markel Olanoreb agerraldia Euskararen Foroan.
GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Actualizado: jueves, 13 febrero 2020 15:27

Gipuzkoako enplegu osoaren %7,99 eta EAEkoaren %5,99 euskara sektoreek sortuak dira

DONOSTIA, 13 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordinaren (BPG) %4,59 euskararekin zuzenean eta zeharka loturaren bat duten sektore ekonomikoei dagokie, eta, Gipuzkoako BPGri dagokionez, portzentaje hori %5,34ra heltzen da, hau da, 1.304 milioi euro inguru.

Gipuzkoan euskarak duen eragin ekonomikoa eta hizkuntzen industriak EAEn duen egoera aztertu dituen txostenaren emaitzak dira, eta ostegun honetan aurkeztu dituzte, Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz gunean, lurraldeko Euskararen Foroak legealdi honetan egindako lehen bilkura probestuz. Txostena Siadeco enpresak egin du Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkartearentzat, Gipuzkoako Aldundiaren dirulaguntzarekin.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiaren gidaritzapean egindako lan jardunaldian izan dira Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteko kudeatzaile Lohitzune Txarola eta Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendari Garbiñe Mendizabal.

Euskalgintzako eragileei aurkeztutako txostenaren arabera, sektorearen errealitatea "askotarikoa" da, mota askotako enpresak eta jarduerak biltzen baititu. Lohitzune Txarolak sektoreari buruz azaldu duenez, "enpresa txikiz osatuta dago batez ere, eta autonomo ugari dago. Langileen bi heren pasatxo emakumezkoa da, eta eskaintzen diren zerbitzuen xede hizkuntzari dagokionez, euskara da nagusi".

Halaber, aipatzekoa da sektoreak "mendekotasun handia" duela administrazio publikoarekiko, dirulaguntzei eta kontratazioei dagokienez.

Datu ekonomikoekin lotuta, Languneko arduradunak adierazi du enpresen %52,3k izan dutela bilakaera positiboa, baina %39k langile kopurua murriztu behar izan duela. Nolanahi ere, enpresen erdiak uste du hurrengo hiru urteetan bilakaera positiboa izango duela.

ERAGIN EKONOMIKOA

Bestalde, euskarak Gipuzkoan zer eragin ekonomikoa duen aztertu dute txostenean. Euskarak hizkuntza txiki gisa dituen berezitasunen ondorioz, hizkuntzen industriatik harago aztertu behar izan da euskarak ekonomian duen eragina. Hala, lau jarduera adar hartu dira kontuan: hizkuntzaren industria (euskarari dagokiona bakarrik), kultura eta hedabideen industria, hezkuntza eta unibertsitate arloko jarduerak eta administrazio publikoa.

Horrela, Gipuzkoan euskara sektoreek duten zuzeneko eraginaren, zeharkako eraginaren eta eragin induzituaren azken emaitza makroekonomikoek dioten arabera, Gipuzkoako ekonomiako enplegu osoaren %7,99 euskara sektoreek sortua da, hau da, 24.848 lanpostu. EAEn euskara sektoreek eragindako enplegua, orotara, zertxobait baxuagoa da: %5,99.

Bestalde, Gipuzkoako BPGren %5,34 euskararekin zuzenean eta zeharka loturaren bat duten sektore ekonomikoei dagokie: Gipuzkoako BPG 24.400 milioi euro da, eta euskarari dagokiona, 1.304 milioi euro. EAEri dagokionez, BPGaren %4,59 dago euskararekin lotuta.

Ikerketak azaleratzen duenez, beraz, "aurreko aldagai makroekonomikoak ikusita, ondoriozta daiteke euskarak zuzenean eta zeharka sortzen dituen datu ekonomikoak esanguratsuak direla eta euskararen balioa termino ekonomikoetan ere handia dela". Administrazioari lotuak dauden enplegu eta baliabideez gain, "euskararen inguruan lan egiten duten sektore ekonomikoek enplegu asko eta balio erantsi handia sortzen dute", adierazi du Txarolak.

SEKTORE EKONOMIKO GARRANTZITSUA

Markel Olanok albiste pozgarritzat jo du euskarak Gipuzkoan duen eragin ekonomikoa neurtzen duen txosten "mardula eta sakona" edukitzea. "Helburu horrekin eskatu genuen azterketa egitea. Frogatu egiten da euskarak, kultura eta gizarte terminoetan balio neurtu ezina izateaz gain, sektore ekonomiko garrantzitsu bat sustatzen duela, balio kate oso bat dagoela ezagutza eta aberastasuna sortzen duena", azaldu du.

Gaineratu du Gipuzkoan nabarmena dela euskarak ekonomian duen pisua, beste lurraldeekin alderatuz gero: "Aitzindari gara eta esportatu egiten dugu jakinduria hori. Gurean errotutako enpresa asko eta askok, ibiliaren poderioz ikasi dute hizkuntza gutxitu baten berreskurapenerako estrategia eta lan ildoak finkatzen eta, orain, erreferente izaten ari dira munduko hizkuntza gutxituak berreskuratzeko lanetan ari diren eragileentzako".

Bide horretan, "berrikuntza teknologiko eta sozialaren garrantzia" azpimarratu du. Bere hitzetan, "teknologiaren esparruan puntako ekimenak jarri dira martxan hizkuntzari lotuta. Euskararen erabilerari hauspo berria emateko desafio partekatuari gogo eta ilusio berriz ekiten ari garen honetan, berrikuntzak berebiziko garrantzia hartzen du. Are eta berritzaileago izateko desafio horretan, euskalgintzak bidelagun izango du Aldundia".