EAEko langabezia tasa %5,7 da bigarren hiruhilekoan, 18.900 landun gehiagorekin eta 13.200 langabe gutxiagorekin

Archivo - Lanbideren bulego bat
EUROPA PRESS - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 17 julio 2025 11:34

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) langabezia tasa %5,7 dela zenbatetsi da 2025. urteko bigarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino 18.900 landun gehiago eta 13.200 langabe gutxiago izan ondoren, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.

Hain zuzen ere, EAEko lan merkatuari buruzko 2025eko bigarren hiruhilekoko datuek diote 61.100 langabe eta 1.010.400 landun daudela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Orobat, bigarren hiruhilekoko langabezia tasa lehen hiruhilekoan izandakoa baino %1,3 txikiagoa da.

Landunen eta langabeen kopuruaren bilakaeraren ondorioz, jarduera tasa %56ra iritsi da bigarren hiruhilekoan, 16 urteko eta gehiagoko biztanleria kontuan hartuta, eta, beraz, aurreko hiruhilekokoaren berdina izan da.

Lurralde historikoei dagokienez, eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, okupazioak gora egin du hiruretan: Bizkaian 9.200 langile gehiago daude, Gipuzkoan 5.100 langile gehiago eta Araban 4.700 gehiago. Hiriburuen kasuan, Gasteizen 3.900 landun gehiago daude, eta Donostian 2.700 gehiago; Bilbon, berriz, 800 gutxiago daude.

Landunen kopuruaren igoera gizonen zein emakumeen kasuan gertatu da erkidego mailan: gizonen kasuan, 9.900 landun gehiago daude, eta emakumeen kasuan, berriz, 9.000 gehiago. Nazionalitatea kontuan hartuta, Espainiako nazionalitatea duten landunak 13.800 gehiago dira (%1,5), eta atzerriko nazionalitatea dutenak, berriz, 5.100 gehiago (%5,3).

EAEko landunen kopuruak gora egin du zerbitzuen sektorean (13.800 landun gehiago, hots, %1,9ko igoera), industrian (3.400 gehiago eta %1,7ko igoera) eta eraikuntzan (1.900 gehiago eta %3,3ko igoera); lehen sektorean, berriz, 300 landun gutxiago daude (-%3,2).

Okupazio tasa edo 16-64 urteko landunek adin horietako pertsonen guztizkoan duten proportzioa %1,2 puntu igo da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta eta %71,9ra iritsi da.

Tasa hori %74,2ra iritsi da gizonen kasuan, eta %69,6ra emakumeen kasuan; beraz, aurreko hiruhilekokoa baino portzentajezko %1,0 eta %1,3 puntu handiagoak izan dira, hurrenez hurren. 16-24 urteko gazteen kasuan, okupazio tasa %29,4tik %27,7ra jaitsi da, eta, beraz, aurreko hiruhilekokoa baino %1,7 puntu txikiagoa izan da.

Nazionalitateari dagokionez, okupazio tasarik handiena Espainiako nazionalitatea duten pertsonena izan da (%73,9), eta portzentajezko bederatzi hamarren igo da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Atzerriko nazionalitatea duten pertsonen kasuan, berriz, tasa %2,8 puntu igo da, %57,8ra iritsiz.

Lurralde historikoei dagokienez, okupazio tasarik handiena Gipuzkoakoa izan da (%73,6), eta portzentajezko zortzi hamarreneko igoera izan du aurreko hiruhilekoarekin alderatuta; haren atzetik, Arabako tasa %72,7ra iritsi da, %1,6 puntuko igoera izanik, eta Bizkaikoak %1,3 puntuko igoera izan du, %70,6ra iritsiz.

Soldatapeko langileen kontratazio modalitateari dagokionez, kontratu mugagabeak dituzten pertsonen kopuruak gora egin du aurreko hiruhilekoarekin alderatuta eta 12.300 gehiago dira; aurreko urteko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, berriz, 24.500 pertsona gehiago dira.

LANGABEZIA

Bestalde, EAEn 61.100 langabe edo enplegua bilatzen ari diren, bilaketa kudeaketa aktiboak egiten dituzten eta lan egiteko prest dauden pertsona daude urteko bigarren hiruhilekoan, aurrekoan baino 13.200 gutxiago. Emakume langabeak 31.700 dira, hau da, 5.100 gutxiago, eta gizon langabeak, berriz, 29.400 dira, hots, 8.200 gutxiago.

Datu horien arabera, langabezia tasa %5,7 da EAEn, hots, aurreko hiruhilekoko tasa baino %1,3 puntu txikiagoa. Gizonen langabezia tasa portzentajezko puntu eta erdi jaitsi da, %5,3ra iritsiz, eta emakumeena, berriz, puntu bat jaitsi da eta %6,1era iritsi da. 16-24 urteko gazteen kasuan, langabezia tasa %12,4 da, hots, aurreko hiruhilekokoa baino portzentajezko sei hamarren txikiagoa.

Nazionalitateari dagokionez, langabeen kopuruak behera egin du Espainiako nazionalitatea duten pertsonen kasuan eta 8.100 gutxiago dira (44.500 guztira); atzerriko nazionalitatea dutenen kasuan, berriz, langabeak 16.600 dira, hau da, 5.100 gutxiago.

Lurralde historikoei dagokienez, langabeen kopuruak 6.800 pertsonako jaitsiera izan du Bizkaian eta orotara 37.400 dira; hortaz, langabezia tasak %1,3 puntuko jaitsiera izan du eta %6,7ra iritsi da. Gipuzkoan, langabeen kopuruak 5.600 pertsonako jaitsiera izan du eta guztira 14.600 dira. Beraz, langabezia tasak %1,6 puntuko jaitsiera izan du eta %4,1era iritsi da. Araban 9.100 langabe daude, 800 gutxiago, eta langabezia tasa %5,6 da, hots, lehen hiruhilekoan baino portzentajezko puntu erdi txikiagoa.

Hiriburuei dagokienez, Donostian 2.900 langabe gutxiago daude, Gasteizen 1.000 gutxiago eta Bilbon, berriz, 400 gutxiago, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.

Bestalde, 2024ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, landunen kopuruak %1,8ko igoera izan du aurtengoan EAEn, eta 17.600 pertsona gehiago izan dira. Zehazkiago, zerbitzuen sektorean 9.400 landun gehiago daude, eraikuntzan 4.900 gehiago eta industrian 3.600 gehiago; nekazaritzan, berriz, 300 pertsona gutxiago daude.

Azkenik, langabeei dagokienez, 19.700 pertsona gutxiago daude langabezia egoeran EAEn, eta langabezia tasa %7,5etik %5,7ra jaitsi da.

Contenido patrocinado