BILBO, 4 (EUROPA PRESS)
Euskaltzaindiak Gabriel Aresti Segurola bilbotar idazle eta euskaltzain urgazlea omentzeko eta bere ekarpena ezagutarazi eta balioesteko egitarau ugaria antolatu du Bilbon, ekainetik abendura bitarte, 41 urte zituela 1975eko ekainaren 5ean zendu zela kontuan izanda.
EHU Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Gabriel Aresti Kultura Elkartearekin eta Bilboko Koralarekin elkarlanean antolatu du programazioa Euskararen Akademiak. Egitasmoak Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, EiTBren eta BBKren babesa jaso du.
Euskaltzaindiaren egoitzan asteazken honetan egin den prentsaurrekoan aletu dira egitarauaren nondik norakoak. Bertan izan dira Gabriel Arestiren senideak, Josune Irabien Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatua eta Eider Inunziaga Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia.
EHUko Igone Zabalak eta Patxi Juaristik, EITBko Vanessa Fernandezek, Gabriel Aresti Aresti Kultura Elkarteko Xabier Monasteriok, BBK-ko zuzendari nagusi Gorka Martinezek, Bilboko Koralaren zuzendari Carmen Martinezek eta Andres Urrutia euskaltzainburua ere parte hartu dute agerraldian.
Urrutiak berak azaldu du egitarauaren helburua zein den: "Oro har, Gabriel Aresti bera eta beronen lanak ezagutzera ematea da ekitaldi hauen xede nagusia. Izan ere, euskal herritar asko dago oraindik ere Aresti nor izan zen ez dakiena, ez eta hark euskal literaturari egindako ekarpen garrantzitsua ezagutzen ez duena ere".
"Hortaz, Arestiren ekarria balioan jarri nahi dugu, hots, beronen lanak duen meritua aitortu, balioetsi eta ezagutarazi, Arestik euskal literatura modernizatzeko eginiko ahalegina gogoraraziz eta euskararen batasunaren hastapenetan izan zuen eragina eta ikuspegi fin zorrotza nabarmenduz", azaldu du.
Era berean, euskaltzainburuak bestelako helburu bat ere aipatu du bere berbaldian: "Herri handi eta hiriburuek euskararen biziberritzean duten zeregina azpimarratu nahiko genuke. Euskara eta euskal kultura askotarikoa dela erakutsi nahi dugu eta askotarikoen artean ehuntzen dela bistaratu. Denon euskara nahi dugu, eta denontzat".
Helburu horiek guztiak dena betetzeko, egitarauak hamar ekimen barne hartzen ditu (hitzaldiak, antzerki saioak, kontzertuak, erakusketak eta liburu aurkezpenak), ondorengo sei hilabeteotan gauzatuko direnak.
EGITARAUA
Horrela, egitaraua ostiralean hasiko da, ekainaren 6an, Euskaltzaindiaren egoitzan, 19:00etan, Bilboko Udalaren Txistularien Bandak eskainiko duen 'Aitaren Etxea' emanaldiarekin. Arestiren garaian hainbat konpositorek sortutako lanak interpretatuko dituzte txistulariok, hala nola esaterako, J. Guridi, J. M. Gonzalez Bastida edo J. L. Ansorena musikagileenak. Musikak lagundurik, Arestiren poesiak irakurriko dira.
Ekainaren 19an eta 20an, berriz, Gabriel Aresti unibertstate katedraren eskutik, 'Gabriel Aresti 1975-2025 jardunaldi akademikoa' hitzaldia izango da Euskaltzaindiaren egoitzan, EHUko Uda Ikastaroen barruan.
'Gabriel Arestik ereindakoak' liburuaren aurkezpena izango da egitarauaren hurrengo hitzordua, ekainaren 26an, Bizkaia Aretoan, 11:00etan. Gabriel Aresti katedrak ondutakoa da eta Patxi Juaristi (EHU) eta Beatriz Zabalondo (EHU) dira lanaren koordinatzaileak.
Literatur genero, komunikatzeko modu, ikertzeko bide eta gogoeta egiteko era desberdinak uztartu dira omenaldi-liburu horretan, eta testuekin batera, marrazkiak, lan grafikoak, akuarelak, irudi digitalak, komikiak, litografiak edota collageak ere apailatu dira. "Pentsamendua bideratzeko modu desberdinak, helburu bera lortzeko: Arestiren lanaren gaurkotasuna aldarrikatzea", azaldu dute aurkezpenean.
Uda igarota, urriaren 6an berrekingo zaio egitarauari, Guggenheim Museoaren areto nagusian, arratsaldez, Bilboko Koral Elkarteak eskainiko duen kontzertuarekin.
Urriaren 8an 'Gabriel Arestiren mandatua' liburua aurkeztuko da. Arestiren ekarria diziplina anitzetatik aztertua da saiakera lan horretan (euskara, literatura, gizartea, antzerkia, hirigintza, artea, kazetaritza, bertsolaritza, gazteria, itzulpena).
Halaber, urriaren 14tik abenduaren 31ra arte Gabriel Arestiri buruzko erakusketa monografikoa izango da ikusgai Bizkaiko Foru Liburutegian.
Bestalde, urriaren 15ean, 'Gabriel Arestirekin' antzerki saioa izango da EHUko Leioako campuseko Mikel Laboa plazan. Ikuskizunak bi osagai ditu: Pedro Alberdik idatzitako 'Gabriel Aresti Eibarren' fikzio lana, eta idazle bilbotarraren 'Harri eta herri' liburuko 'Profeta bati' izeneko poema.
Azaroaren 14an 'Gabrielen ispiluetan barrera solasa' mahai ingurua egingo da Euskaltzaindiaren egoitzan, goizez. Leire Vargas, Edorta Jimenez, Harkaitz Cano, Iñigo Astiz, Sonia Gonzalez eta Tere Irastortza idazleek "mosaiko bat" osatuko dute Arestiren poesiak beren sorkuntzan izan duen loturaz edo eraginaz hitz eginez.
Egitaraua bukatzeko, Joxan Goikoetxea zuzendariak atondutako 'Aresti mug(h)arri' pieza eszenikoa izango da abenduaren 4an BBK Aretoan, 19:00etan, eta Bilboko Koral Elkartearen kontzertua abenduaren 10ean Arriaga antzokian.