Eguraldia.- Aldaketa txikiren bat igande honetan

Igandeko iragarpena
EUSKALMET
Europa Press País Vasco
Publicado: domingo, 17 febrero 2019 7:05

BILBO 17 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet meteorologiaren euskal agentziaren iragarpenaren arabera, igande honetan, otsailaren 17an, aldaketa txikiren bat espero dugu. Hego haizea zakar ibiliko da, eta haizeguneetan boladaka gogor joko du; arratsaldean indarra galduz joango da. Goizean goizetik zerua urdin agertuko da, goi hodei zurixkaren batekin. Alabaina, arratsaldeak aurrera egin ahala, fronte bat gerturatuz joango da mendebaldetik, eta hodeiak ugarituko dira. Dena den, ez dirudi euririk utziko dutenik hodei hauek. Egunsentian baliteke behe lainoa sortzea hegoaldean.

Tenperaturan, ez da aldaketarik espero. Hiriburuetan, Bilbon 10 gradu espero dira gutxienez eta 19 gehienez, Donostian 10 gutxienez eta 18 gehienez, Gasteizen 1 gutxienez eta 14 gehienez, eta Iruñean 1 gutxienez eta 13 gehienez.

Itsasoan hego-osagaiko haizea ibiliko da 5eko indarrarekin eta 6ko tarteekin goizaldean, eta itsaskirria eragingo du. Arratsaldean eta gauean indarra galdu eta 3-4ko indarrarekin ibiliko da, itsaso kizkurra eraginez. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 0,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu eta arratsaldean metro batera igoko da. Itsasgora 14:08an izango da, eta itsasbeherak 07:45ean eta 20:02an. Uraren tenperatura 12-13 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da.

Contenido patrocinado