BILBO 2 May. (EUROPA PRESS) -
Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, igandean, maiatzaren 3an, giroa larunbat honetakoaren antzekoa izango da. Goizetik zaparradak egin ditzake, baina, oro har, txikiak izango dira eta han-hemenka egingo ditu. Arratsaldean, aldiz, zaparradak handiagoak izango dira eta zenbait tokitan mardul bota dezake, txingorra egin dezake eta haize-bolada oso gogorrak izan daitezke. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da Ebro ibarrean egun osoan, aldiz, Kantauri isurialdean arratsaldean ipar-osagaira aldatuko da.
Giroa zertxobait freskoagoa izango da, batez ere ipar partean. Hiriburuetan, Baionan 14 gradu espero dira gutxienez eta 21 gehienez, Bilbon 14 gutxienez eta 21 gehienez, Donostian 14 gutxienez eta 20 gehienez, Gasteizen 11 gutxienez eta 19 gehienez eta Iruñean 9 gutxienez eta 20 gehienez.
Itsasbazterrean norabide aldakorreko haizea ibiliko da, 2ko indarrarekin, hego-osagaikoa nagusituz, eta arratsaldean ipar-osagaira aldatuko da, 3koarekin; itsaso kizkurra eragingo du, eta arratsaldean eta gauean itsaskirria. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 0,5-1 metro arteko olatuak altxatuko ditu. Egunaren bigarren zatian trumoi-ekaitzak izan daitezke. Itsasgorak 06:19an eta 18:33an izango dira, eta itsasbehereak 12:25ean eta 00:43an. Uraren tenperatura 16 gradukoa da eta ikuspena lau eta hamar kilometro artekoa izango da.