DONOSTIA 2 (EUROPA PRESS)
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Euskal Wikilarien Elkarteak (EWKE) Diximet web ataria euskaratu dute, 6 eta 12 urte arteko neska-mutikoekin pediatriaz euskaraz aritu ahal izateko tresna. Medikuntza hiztegi orokorra, giza gorputzaren atlasa eta infografia batu dituzte webean, neska-mutilek erraz erabiltzeko eta galderak egin ahal izateko moduan.
Txikipediarekin hasitako bideari jarraituta sortu dute ekimen berria EHUk eta EWKEk, zientzietako oinarrizko gaiaz euskaraz eta librean egon daitezen. Horrela, katalanez, gaztelaniaz, galegoz eta ingelesez jada badiren bertsioetara euskarazko Diximet gehitu da orain.
Zarauzko (Gipuzkoa) Orokieta Herri Eskolak parte hartu du proiektuan eta bertan egin dute aurkezpena astelehen honetan. Bertan izan da Rosa Estopa Pompeu Fabra unibertsitateko kide eta proiektuaren sortzaile eta zuzendaria, EHUko eta EWKEko ordezkariak eta herri eskolako ikasleak.
Pompeu Fabra unibertsitateko IULATERM ikerketa taldeak abiarazi zuen proiektua eta beste unibertsitate batzuetako hizkuntzalari eta terminologoek ere parte hartu zuten Diximiteko edukiei buruzko aholkuak ematen Bartzelonako Hospital del Mar eta Gironako Medikuen Elkargo Ofizialeko pediatrekin batera.
Estopak azaldu duenez, "Diximet plataformak osasunaren inguruan hitz egiteko eta mediku kontzeptuez aritzeko da, baina umeek ulertzeko moduan. Kasualitatez sortutako ekimena izan da; alabaren galderei erantzun nahian umeentzako egokitutako hiztegirik ez zegoelako ikusita".
Gogorarazi du 20 eskolak eta 3.000 ikaslek baino gehiagok parte hartu zutela proiektuaren garapenean, eta orain euskarara ekartzea nabarmendu du, "proiektu globala" baita, "eta etorkizunean neskato-mutiko gehiagok erabili dezaten".
Bestalde, Igone Zabala EHUko Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako errektoreordeak adierazi du "inspiragarria" izan dela era honetako materialarekin lan egitea. "Metodologikoki oso ondo landutako ekimena da eta luxua da proiektua euskarara ekartzeko lan egiten aritzea", gaineratu du.
Azaldu duenez, Elhuyarrek itzuli ditu testuak EHUko hizkuntza zerbitzuen eta Terminologia Plangintzarako zuzendariekin lankidetzan, eta Zarauzko Orokietako eskolarekin elkarlanean aritu dira grabaketak egiten, "eurentzako, umeentzako, 6 eta 12 urte arteko neskato-mutikoentzako tresna baita".
Gainera, "ezinbestekoa" izan da EWKErekin elkarlanean aritzea, zientzietako oinarrizko gaiak euskaraz eta modu librean egoteko aurretik Txikipedia proiektua sustatu baitzuen, EHUko Hezkuntza Eskolako irakasle izango direnentzako tresna gisa.
IKASLEAK
Diximet webaren euskarazko bertsioari ahotsa jarri diote Zarauzko Orokietako 80 ikaslek, irakasleen laguntzarekin. Ikastetxean daukaten irrati estudioetan grabatu dituzte ahotsak, eta ikasleetako bik ere parte hartu dute aurkezpenean.
LHko 6. mailako Nahiak eta Beñatek azaldu dutenez, asko ikasi dute ekimenarekin, tarteka definizioen grabaketak errepikatu behar izan dituzten arren, "batzuk beste batzuk baino zailagoak zirelako azaltzeko".
Arantzazu Fernandez de Arroiabe Orokieta Herri Eskolako Ikasketa buruak esker ona adierazi die ekimenean parte hartzeagatik eta erakutsiko arduragatik. Gurasoetako batzuk ere izan dira gaurko aurkezpenean.
Diximet pediatriarako hiztegia 6 eta 12 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago. Medikuntza orokorreko hiztegiaz gain, giza gorputzaren atlasa eta infografiak eskaintzen ditu osasuna eta medikuntzaren inguruko informazioa modu erraz eta ulergarrian aurkezteko.
Hala, 300 termino jasotzen ditu hiztegiak eta definizioek ikasleek egindako marrazki eta audioak ikusi eta entzuteko aukera dute. Gainera, covid-19aren inguruko hiztegi osagarria ere jasotzen du.
Diximet baliabide digital erabilgarri gisa asmatu da, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastegiek osasunari eta hizkuntzari buruzko hezkuntza proiektuak gara ditzaten. Asmoa orain ekimena ezagutzera ematea eta ahalik eta gehien zabaltzea da.