EHUk Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako gradu bikoitza eskainiko du hurrengo ikasturtetik Gipuzkoako campusean

Lehen Hezkuntzako irakasleak.
UPV/EHU
Europa Press País Vasco
Publicado: jueves, 15 diciembre 2022 15:26

BILBO 15 Dic. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gobernu Kontseilua Bilboko Bizkaia Aretoan bildu da ostegun honetan, eta Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako gradu bikoitza sortzea onartu du bertan. Titulazio berria Gipuzkoako campuseko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean emango da, 2023-2024ko ikasturtetik.

Modu honetan, zentroak 120 leku eskainiko ditu Lehen Hezkuntzarako, 70 Haur Hezkuntzarako eta 40 Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako gradu bikoitzerako. Hiru campusen artean, gradu bikoitz berriaz gain, EHUk 800 leku eskaintzen ditu Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Euskaraz, gaztelaniaz eta eredu hirueledunean ematen dira (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez).

Horri guztiari hezkuntza arloko gainerako titulazioak gehitzen bazaizkio (Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak, Gizarte Hezkuntza, eta Pedagogia), EHUk 1.175 leku eskaintzen ditu arlo horretan hiru campusetan, eta graduondoko titulazioak aintzat hartuz gero, 1.560.

Eskaintza berria gizartearen eskariari eta premia akademikoari erantzutera dator. Izan ere, ikusi da hezkuntzako graduetako ikasle askok interesa dutela Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza ikasteko, eta gradu bikoitzak eskari hori asetzen lagunduko du eta bi graduok behar duten tutoretza orekatu eta osoa eskainiko du.

EHUko Gradu eta Hezkuntza Berrikuntzako errektoreorde Laura Vozmedianok azaldu duenez, "azkenaldiko berrikuntza metodologikoekin ahalegina egiten ari dira haur hezkuntzatik lehen hezkuntzara dagoen arrakala handiegi hori konpontzeko".

"Gradu bikoitz berriak irakasleak prestatu nahi ditu helburu hori lortzeko, alegia, sarritan umeen eskola ibilbidean agertzen den haustura hori leuntzeko edo are josteko ere. Laburbilduz, neurri honekin ikasleen eskari erreal bati erantzun nahi diogu, baina horretaz gain arlo honetako ikerketak azaleratu duen premia pedagogiko bat ere ase gura dugu", esan du.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado