GASTEIZ 19 (EUROPA PRESS)
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) jakinarazi du prebentzio eta komunitatearen "segurtasuna bermatu eta totalitarismoari osasun hesia jartzeko" neurriak ezarriko dituela Arabako campusean otsailaren 23an, Vox alderdiak egingo duen ekitaldi bat dela eta.
Hain zuzen, EHUko iturrien arabera, Voxek ekitaldi bat antolatu du otsailaren 23rako Unibertsitatearen pasealekuan, Farmazia Fakultatearen aurrean, eta, erabiliko den espazio publikoa Gasteizko Udalarena den arren, campusaren eremuan lekutuko da.
Ondorioz, eta era horretako deialdiek izan dituzten aurrekariak kontuan izanda, EHUko errektoretza taldeak erabaki du hainbat neurri hartzea komunitatearen "segurtasuna bermatu eta totalitarismoari osasun hesia jartzeko".
"EHUren printzipioak defendatzea eta pertsona guztien zaintza eta segurtasuna bermatzea dagokigu", adierazi du errektoretza taldeak ostegun honetan EHUko Arabako campuseko kidegoari bidalitako mezuan.
Izan ere, EHUren printzipio nagusien artean daude balore demokratikoak eta elkarbizitza sustatzea: "Erakunde akademiko gisa, unibertsitateoi dagokigu eskubide zibilen defentsa egitea eta, ondorioz, printzipio horiek ukatzen dituzten diskurtso eta praktikei aurre egitea".
Bestalde, segurtasuna babesteko eta erantzukizun instituzionalarengatik, hainbat prebentzio neurri hartu dira. Irakaskuntza guztia online modalitatean eskainiko da, irakasleen telelana eta urrutiko lana lehenetsita. Teknikari eta administrarien kasuan ere berdin egitea ahalbidetuko da, zentroetan zerbitzu guztiak bermatzen diren heinean.
Halaber, segurtasun neurri gisa, eraikinetako sarrera nagusiak itxita egongo dira eta unibertsitatearen aparkalekuak itxiko dira, eta Esperientzia Geletako saioak bertan behera geratuko dira.
Neurri hauek guztiak otsailaren 23ko deialdiak ekar dezakeen arriskuaren aurrean hartu ditu EHUko errektoretzak, "gure unibertsitatea kanpo gatazka batean nahastuta gerta ez dadin, helburua baita guztion segurtasuna bermatzea, eta denon artean osasun hesi bat jartzea unibertsitatearen printzipioak mehatxatzen dituzten mezuei totalitaristei".