DONOSTIA 15 Nov. (EUROPA PRESS) -
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Psikologia Fakultateak, Nortasuna, Balioespena eta Psikologia Tratamendua Sailaren bidez, eta Euskara Zerbitzuak elkarlanean gauzatutako "Sexologiako hiztegia" aurkeztuko da ostiral honetan, azaroaren 16an, Psikologiako Fakultateko Gradu Aretoan, Donostian.
EHUko iturriek adierazi dutenez, arlo honetako lehenengo hiztegia da, eta Iñaki Ugarteburu Gastañares zenari eskainita dago, berak bultzatu baitzuen hasiera batean hiztegiaren proiektua.
Euskaraz sexologian erabiltzen diren terminoak zehaztu eta sistematizatzeko asmoz, 1.800 bat hitz bildu dira, diziplina sexologikoaren ikuspegitik landuak. Gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko ordainak ere eman dira. Euskarazko definizioa dator azkenik.
Aurkezpen ekitaldia 11:00etan hasiko da, eta Gidor Bilbao Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreordeak, Maider Larrañaga Psikologia Fakultateko idazkariak, Itziar Alonso Nortasuna, Balioespena eta Psikologia Tratamendua Sailaren irakasleak, Nerea Sancho hiztegiaren zuzendari eta Psikologia Fakultateko irakasleak eta Juan Cruz Igerabide Euskara Zerbitzuko kideak parte hartuko dute.