EHUko Euskara Zerbitzuak bere itzulpen akademikoak kontsultatzeko aplikazio berri garatu du

Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 17 diciembre 2012 17:32

BILBO 17 Dic. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Euskara Zerbitzuak bere itzulpen akademikoak kontsultatzeko aplikazio berri bat aurkeztu du astelehen honetan Bizkaia Aretoan, Bilbon. "EHUskaratuak corpusa" eleaniztuna da, eta azken urteetan Euskara Zerbitzuak itzulitako testuliburuak internet bidez kontsultatzeko aukera emango dio erabiltzaileari.

Hain zuzen ere, itzulpen akademiko hauek metodologia jakin bat aplikatuz egin dira ingelesetik, frantsesetik eta gaztelaniatik, eta, aurrerantzean, http://ehuskaratuak.ehu.es helbidean sartuta, edonork kontsultatu ahal izango ditu.

Aurkezpen ekitaldian izan dira Gidor Bilbao EHUko Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreordea, Jesus Mari Makazaga EHUko Euskara Zerbitzuaren zuzendaria eta Julio Garcia EHUko Euskara Zerbitzuko kidea.

EHUskaratuak corpusaren bidez, ikasle, ikertzaile zein edozein euskararen erabiltzailek begiratu ahal izango du nola itzuli duen euskarara EHUko Euskara Zerbitzuak ingelesezko, gaztelaniazko edo frantsesezko hitz bat, termino bat edota esapide bat. Halaber, alderantziz ere begiratu ahal izango da, hau da, zein diren euskarazko termino jakin baten ordainak ingelesez, frantsesez edota gaztelaniaz.

Bilaketa ahalik eta modu sinpleenean eginez ahalik eta emaitza osoena lortzeko helburuarekin diseinatuta dago EHUskaratuak tresna. Hitz bakar baten baliokidea bilatu nahi bada, "Bilaketa arrunta" erabiliaz lortuko dira emaitzak, baina hitz bat baino gehiago edo hitz batek hizkuntza baten baino gehiagotan dituen baliokideak bilatu nahi badira, "Bilaketa aurreratua" erabiliaz aurkitu ahal izango dira. Bilaketaren emaitzak zutabe bitan banatuta agertuko dira, hau da, jatorrizko hizkuntzako testuaren alboan euskarazkoa ikusi ahal izango da.

Halaber, aurkezpenean azaldu dute kanpoko ikertzaileek ere erraz erabili ahal izango dutela tresna hau, interfazea euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez jartzeko aukera baitago.

Oraingoz, jakintza-arlo guztietako 29 liburuk osatzen dute corpus hau, gehienak 2010. eta 2011. urteetan argitaratutakoak, eta aurrerantzean bai 2012. urtekoak zein 2010. urtea baino lehen argitaratutakoak ere gehitzen joango dira aplikazio honetara.

ITZULPEN LANA

Testu akademikoen itzulpen lanari dagokionez, nabarmendu dute hiru parte-hartzaileren metodologia erabiltzen duela Euskara Zerbitzuak. Alde batetik, itzuli beharreko testuaren arloa edo gaia ondo ezagutzen duen itzultzailea arduratzen da lanaz eta, berarekin batera, erabilitako terminologia zuzena dela ziurtatzen duten begirale teknikoek eta itzulitako testua ulergarria izateaz arduratzen diren hizkuntza-begiraleek ere parte hartzen dute prozesuan.

Gidor Bilbaok adierazi duenez, "aplikazio honen bidez, unibertsitateko Euskara Zerbitzuak azken urteetan isil-isil eta apal-apal egin duen lanari ikusgarritasuna ematen zaio, euskarazko prosa zientifikoa eta hizkera akademikoa garatzea beti izan baita Euskal Herriko Unibertsitatearen apustuetako bat".

Bere esanetan, "unibertsitatean denok daukagu itzultzaile automatiko txiki bat barruan. Etengabe dihardugu gure espezialitateko gaiei buruz hizkuntza desberdinetan, eta etengabe dihardugu itzultzen. Hori dela era, itzultzaileek itzulpen lagunduak egiteko itzulpen-memoriak erabiltzen dituzten moduan, tresna honekin edonork izango du eskura itzulpen-memoria erraztu hau bere itzulpenak egiteko".

Contenido patrocinado