Ehundik gora ekitaldi antolatu dituzte Donostiako 16 auzotan Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko

Mintzodromo bat
DONOSTIAKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 20 noviembre 2026 13:14

DONOSTIA 20 (EUROPA PRESS)

Ehundik gora ekitaldi izango dira azaroaren 22tik abenduaren 13ra bitarte Donostian Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta. Urtean zehar euskara sustatzeko lanean diharduten 12 auzotako euskara batzordeez gain, beste lau auzotan ere Euskararen Eguna antolatzeko taldeak sortu dira, eta guztira 47 eragile aritu dira auzoetan egitarauak antolatzen.

Horrela, Donostiako Udaletik jakinarazi dutenez, ekitaldiak izango dira Aieten, Altzan, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Añorgan, Bidebietan, Egian, Grosen, Ibaetan, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberan, Martutenen, Morlansen, eta Parte Zaharrean.

Ildo horretan, Kerman Orbegozo Euskara zinegotziak goraipatu egin du auzoetako batzorde eta taldeek egin duten lana: "Euskara batzordeek jarduera horiek guztiak antolatzeko egindako lana azpimarratu, eskertu eta nabarmendu egin behar da. Guztira, 47 eragile aritu dira lanean auzoetako egitarauak antolatzen eta hori nabarmentzekoa da. Musutruk lan egiten duten pertsona askoren konpromisoaren eta udalaren eta batzorde eta erakunde desberdinen arteko lankidetzaren emaitza da".

Ekintza horiek guztiak ezagutzera emateko, auzo bakoitzeko egitarauarekin eskuorriak eta kartelak argitaratu ditu Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetan banatzen hasi da jada. Horrez gain, www.donostia.eus/euskara web orrian ere izango da eskuragarri auzoetan izango diren ekintzen gaineko informazioa, auzoka antolatuta.

ZABALA ETA ANITZA

Ekitaldi sorta zabala eta anitza prestatu dute auzoek datozen egunetarako: batetik, kultur ekintzak (antzezlanak, film proiekzioak, liburu irakurketak eta literatur solasaldiak, kantu jirak, bertso saioak, musika edota dantza emanaldiak); bestetik, helduen artean euskara sustatzeko egitasmoak (mintzodromoak, elkarretaratzeak, hitzaldiak eta abar), eta, azkenik, haurrentzako eta gazteentzako jarduerak edota familian egitekoak (ipuin kontalariak, lehiaketak, pailazoak, jokoak, jolasak eta abar).

Ekintza horietatik guztietatik, Orbegozok gutxi batzuk nabarmendu nahi izan ditu: "Intxaurrondon Porrotx, Marimotots, Pupu, Lore eta Marigorringo pailazoak izango dira; Eskola dantza taldearen emanaldia Amaran; Auzo Bira Antiguan; Parte Zaharrean kantu jira eta bertso saioa; 'Nik ere egin nahi dut' elkarretaratzea Añorgan; mintzodromoak Altzan, Amara Berrin eta San Telmon; bertso saioa eta bertso afaria Grosen; Ibaeta-Euskara-Elkarrekin Jaia Ibaetan, eta Aieteko Izarrak talentu lehiaketa".

Auzoetako batzordeek eta taldeek lekuan leku antolatutako ekitaldien artean, nabarmentzekoa da auzoz auzo ibiliko den 'Euskaraz barra-barra' photocall ibiltaria. Bertan argazkia atera nahi duten pertsonek euskara erabiltzeko duten konpromisoa publiko egingo dute, eta horren truke, opari bat jasoko dute.

Contador

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado