Ekonomia %2,2 haziko da aurten eta %1,9 datorren urtean EAEn, Jaurlaritzaren arabera

Archivo - Haizea Wind
HAIZEA WIND - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 30 septiembre 2025 13:36

GASTEIZ, 30 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekonomia %2,2 haziko da 2025ean eta %1,9 datorren urtean, eta, azken aurreikuspenekin alderatuta, goranzkoa da berrikuspena. Gainera, 2025erako lanaldi osoko 14.000 enplegu sortuko dira eta langabezia tasa %6,4ra jaitsiko da, Eusko Jaurlaruitzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren aurreikuspenen arabera.

Horrela iragarri du astearte honetan Gasteizen Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, datozen bi urteetarako aurreikuspen ekonomikoen eguneratzea aurkezteko prentsa agerraldian. Esan duenez, azken datuen arabera, Euskadik "hazkunde sendo eta egonkorra" du, baita Europako ekonomia nagusien ziurgabetasunak eta moteltzeak markatutako nazioarteko testuinguruan ere.

Bada, Eustat euskal estatistika erakundeak argitaratutako azken datuak oinarri hartuta, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak aurreikusi du EAEko ekonomia %2,2 haziko dela 2025ean eta %1,9 datorren urtean. Azken aurreikuspenekin alderatuta, goranzko berrikuspena da, eta horrek "Euskadiko jarduera ekonomikoaren sendotasuna islatzen du".

Torresek nabarmendu duenez, "datu horiek agerian uzten dute gure ekonomiaren indarra. Euskadik jakin du norabidea mantentzen zalantzaz beteriko nazioarteko testuinguruan, eta gaur esan dezakegu konfiantzaz eta oinarri sendoz ekingo diogula datozen urteei, aukerak sortzen jarraitzeko".

Hazkundearen motor nagusia barne eskaria izango dela zehaztu du. Aurreikuspenen arabera, etxeko kontsumoak %2,7 egingo du gora aurten, enpleguaren hobekuntzari eta inflazio neurritsuagoari esker. Inbertsioak ere zifra positiboetan jarraituko du, %3,1eko hazkunde zenbatetsiarekin, finantza baldintza hobeagoetan oinarrituta. Kanpo sektorearen ekarpena mugatuagoa izango bada ere, esportazioek suspertze zantzuak dituzte, 2025erako %2ko eta 2026rako %3ko igoerak aurreikusi baitira.

ENPLEGUA

Bestalde, lan merkatuaren bilakaerari dagokionez, 2025erako lanaldi osoko 14.000 enplegu sortuko direla aurreikusi da, eta horri esker langabezia tasa %6,4ra jaitsiko dela. Aurrerapen horrek "kohesio soziala eta herritarren ongizatea indartzen lagunduko du, horiek baitira gure politika ekonomikoaren helburu nagusiak", Torresek nabarmendu duenez.

Sektoreka, zerbitzuek ekonomiaren motor nagusia izaten jarraituko dute, 2025ean %2,7ko hazkundearekin, eraikuntzak lagunduta, %2,5eko erritmo positiboari eutsiko baitio. Industriak zailtasun handiagoak ditu nazioarteko merkataritzaren ahultasunagatik, baina 2026an suspertzea espero da, kanpo merkatuek egonkortasun handiagoa dutenean.

Prezioen bilakaerari dagokionez, BPGren deflaktorea %2,6an kokatuko da 2025ean eta %2,0ra jaitsiko da 2026an, inflazioaren moderazioa berretsiz. Horri esker, "ingurune aurreikusgarriagoa eta mesedegarriagoa" izango da, hala inbertsiorako nola kontsumorako.

Azkenik, Mikel Torrek ziurtatu du Euskadik "ekonomia sendoa" duela, "etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatuta dagoena eta nazioarteko edozein ziurgabetasuni aurre egiteko egokitzeko gaitasuna duena". "Hazten ari gara, enplegua ari gara sortzen eta gizarte kohesioari ari gara eusten. Hori da gure herrialdean egonkortasunerako eta konfiantzarako bermerik onena", gaineratu du.

Contenido patrocinado