Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko epea zabalik da

Gazteak aurreko Zientzia Azoka batean
ELHUYAR
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 29 septiembre 2016 12:33

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko epea ireki da jada, eta "bidelagun berriekin" hasi du aurtengo ekitaldia Elhuyarrek. Urtetik urtera, atzerrira joateko aukerak eta zientzia bizipen aberatsagoak eskaini nahi dizkie Elhuyarrek ekimenaren parte hartzaileei, eta helburu horri erantzuteko, Portugaleko Gazteriarako Fundazioarekin eta MILSET mugimenduarekin bat egin du. 2017ko Zientzia Azoka Bilboko Plaza Barrian ospatuko da, maiatzaren 6an.

Elhuyarrek gogorarazi duenez, 12-18 urteko gazteek garatutako proiektu zientifiko eta teknologikoen azoka da Zientzia Azoka. Ekimenak eragiten duen bizipen ibilbidearen bidez, Elhuyarrek gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko zaletasuna eta hurbiltasuna lantzen du, baita bertan egiten den ikerketa eta haren protagonistak gazteei hurbildu ere.

Horrela, Elhuyar Zientziaren Azokaren eskutik, ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa "barrutik bizitzeko" aukera dute gazteek, eta, bidean, ikertzaile profesionalen laguntza jasotzen dute, Elhuyarrek Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU), Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin, Deustotech-ekin eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoarekin dituen hitzarmenei esker.

Halaber, ekimenak garrantzia handia ematen dio gazteek egindako lana gizarteratzeari, eta gurasoen, irakasleen eta lagunen parte hartzeari. Helburu horrekin, bada, ibilbidearen amaieran Zientzia Azoka ospatzen da, Bilboko Plaza Barrian. 2017koa, maiatzaren 6an izango da.

PROFESIONALEKIN

Horren ondotik, gazte batzuei euskal ikerketa zentroetan ikertzaile profesionalekin bi egunez aritzeko aukera emango zaie, hala nola Tecnalian, IK4n eta CIC nanoGUNEn, eta beste batzuek Bartzelona, Lisboa, Tolosa (Frantzia) eta Ourenseko zientzia azoketan parte hartuko dute, Elhuyarrek dituen hitzarmenei esker. Horietako bat da gazteengan zientzia zaletasuna sustatu nahi duten mundu mailako irabazi asmorik gabeko elkarteen bilgune den MILSET mugimenduarekin duena; hain zuzen, uztailaren 12ko biltzar orokorrean onartu zen Elhuyar, MILSETeko kide.

Zientzia Azoka 2004ean jaio zen, eta urtez urte hazten joan da partaideen kopurua; iaz 500 gazte baino gehiago bildu zituen. Helburuak dira zientziaren eta teknologiaren arloetako gaitasunak lantzea, bokazioak piztea eta alorreko pertsonak hurbiltzea.

Zientzia Azoka aurrera eramateko, Bilboko Udalaren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, FECYT Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren, Euskaltelen, Iberdorlaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du Elhuyarrek.

Contenido patrocinado