BILBO 15 Mar. (EUROPA PRESS) -
"Elhuyar Zientzia eta Teknologia" aldizkaria zientzia eta teknologia gaiak euskaraz eta dibulgazio-mailan argitaratzen dituen aldizkari bakarra da, eta orain, webgune berria estreinatu du aldizkaria.elhuyar.org helbidean.
Aldizkariaren papereko bertsioan jasotzen diren edukiak sarean daude webgune horretan, edonoren esku. Euskaraz sortu eta landutako edukiak aurkituko ditu han irakurleak. Hemengo zientzialari, ikerlari eta adituen ahotsak biltzen dira, eta euskal ikerketaren eta ikertzaileen berri jaso eta zabaltzen da. Gainera, irakurleak Euskal Herriko komunitate zientifikoa ezagutzeko aukera izango du.
Elhuyar Fundazioko iturriek jakinarazi dutenez, "Elhuyar" aldizkariaren webgunean honelako edukiak jasotzen dira: albisteak, erreportajeak, elkarrizketak, iritziak, istorioak, liburuak edota argazkiak. Aldizkariaren papereko bertsioko atal guztiak jasoko dira webgunean, eta eduki osagarria eskainiko du.
Webguneak hiru helburu ditu nagusiki: irakurle eta harpidedunei zerbitzu osagarriak eskaintzea; aldizkariaren eta irakurleen arteko komunikazioa eta elkarreragina sustatzea; eta gune baliagarria izatea aldizkariaren kolaboratzaileentzat.
Edonork irakurri ahal izango du "Elhuyar" aldizkaria aldizkaria.elhuyar.org helbidean, baina harpidedunei zerbitzu osagarri batzuk eskaini nahi izan dizkio Elhuyar Fundazioak. Horrela, harpidedunek aldizkariaren edizio digitala deskarga dezakete; eduki osagarria irakurri ahal izango dute (iturriak, bibliografia, bideoak, gaiarekin lotutako albisteak eta abar); iritziak emateko bidea izango dute eta harpidetzaren datuak kudeatzeko gunea erabili ahal izango dute.
Halaber, martxoaren 15etik apirilaren 15era bitartean "Elhuyar Zientzia eta Teknologia" aldizkariko harpidedun egiten direnak, tableta baten zozketan sartuko dira. Harpidetza internet bidez egiteko, aldizkaria.elhuyar.org webgunean sartu behar da.