Elhuyarrek eta Euskaltzaindiak bost urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute

Itziar Cortes Elhuyarren aldi baterako koordinatzaile nagusia eta Andres Urrutia euskaltzainburua
EUSKALTZAINDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 3 marzo 2026 11:42

BILBO 3 (EUROPA PRESS)

Elhuyarrek eta Euskaltzaindiak bost urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute astearte honetan Akademiaren egoitzan, Bilbon, eta bi erakundeok bakarka egiten duten lanen osagarritasuna, elkarrekikotasuna eta sinergiak ehuntzea izango dira ardatz nagusiak.

Izenpetze ekitaldian parte hartu dute Itziar Cortes Elhuyarren aldi baterako koordinatzaile nagusiak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak. Euskaltzaindiak gogorarazi du osoko bilkurak Elhuyar Akademiaren elkarte atxikia izatea onetsi zuela 2025eko uztailaren 18an.

Besteak beste, Euskaltzaindiak euskararen batasunean eman dituen arauak, gomendioak eta irizpenak hedatzeko, hiztegigintza aberasteko eta zientzia eta teknikaren alorrean euskararen erabilera normalizatzeko lankidetzan aritu dira bi erakundeak, eta orain, lankidetza hori areagotu nahi dute, hitzarmenaren bitartez.

Horrela, lexikografiaren alorrean, euskararen corpusa ikertzeko, zabaltzeko, eguneratzeko, mantentzeko, euskara oraindik erabili gabe dagoen eremuetara eramateko, gizarteratzeko eta erabiltzaileen beharretara egokitzeko egitasmoen inguruabarrean jardungo dute bi-biek etorkizunean.

Euskararen batasunaren eremuan, pilaturiko eta arian-arian ondutako ezagutzaren transferentzian jardungo dute, ikastaro, argitalpen, artikulu -nazioartekotzea indartuz-, txosten tekniko zein bestelakoen bidez. Halaber, ingurune digitalean euskararen erabilera jasoa sustatzeko produktuak eta egitasmoak, ekimenak eta jarduerak partekatu eta antolatuko dituzte.

Ikerketa sustatzen ahaleginduko dira (argitalpenak, ikerketa bekak, graduondoko lanak, doktoretza tesiak eta abar), eta euskararen ikerketan eta sustapenean egindako lanak zein ibilbideak aitortuko dituzte (sariak, monografiak eta abar).

Contador

Contenido patrocinado