BILBO 16 Abr. (EUROPA PRESS) -
Elhuyarrek gaztetxoentzako zientzia-esperimentuen liburu berri bat argitaratu du: "Zientzia haurrentzat segundo gutxian. Hamar minutuan edo gutxiagoan egin ditzakezun 100 esperimentu baino gehiago". Liburu hau Jean Potterren "Science in Seconds for Kids: over 100 experiments you can do in ten minutes or less" liburuaren euskarazko itzulpena da, eta Elhuyarrek egin du itzulpena.
8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta dago liburua, eta, haren bidez, zientziaren magia bizi dezakete gazteek Jean Potterrek prestatutako esperimentu eta jarduera azkar eta erraz batzuekin. Hamar minutu edo gutxiago nahikoa dira jarduera bakoitza egiteko. Jarraibide argi eta urratsez urratseko batzuek, eta irudiek, esperimentua ongi egiten lagunduko diote gaztetxoari.
Gainera, gauza asko ikasi ahal izango dute: zergatik ez diren biribilak arrautzak, urpekoak nola igotzen diren gainazalera eta nola hondoratzen diren eta abar. Esperimentuak egiteko behar den material gehiena etxean bertan, lorategian edo auzoan aurkitu daiteke, eta ia edozein lekutan egin daitezke esperimentu hauek.
Elhuarrek jakinarazi duenez, liburu honetako 108 jarduerak 12 arlo hauei buruzkoak dira: airea, animaliak, argia, eguraldia, energia, giza gorputza, grabitatea, handitzea, koloreak, magnetismoa, makinak eta ura.
Zz seriearen hirugarren liburua da hau, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du. Zz seriearekin, neska-mutilak esperimentuen mundu zirraragarrira hurbildu nahi ditu Elhuyarrek. Zz liburuak ez dira eskola-liburuak, familian eta lagun artean gozatzeko esperimentu-bilduma bat baizik. Zz esperimentu-bilduman argitaratutako beste izenburuak hauek dira: "Armix max-mix" (8-10 urte) eta "Zientzia guztiz arduragabea!" (9-14 urte).
Liburua paperean zein formatu digitalean eskuratu daiteke. Papereko bertsioa dagoeneko salgai dago 12 euroan Elhuyarren interneteko dendan (www.elhuyar.org/edizioak) eta liburu-denda nagusietan. Formatu digitala interneteko dendan (www.elhuyar.org/edizioak) eros daiteke lau euroan. Paperezko ale bat erosten duenak formatu elektronikoko ale bat jasoko du doan.