BILBO, 14 (EUROPA PRESS)
Elkar Fundazioak jarri du martxan haur eta gazteei zuzenduriko Elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketaren 13. edizioa, irakurzaletasuna eta euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin. Ipuinak, ilustrazioak eta komiki ala binetak aurkezteko epea apirilaren 16ra bitarte egongo da zabalik.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lehiaketak hiru maila ditu: A maila (haur hezkuntzako 4. eta 5. mailak), B maila (lehen hezkuntzako 1. eta 2.) eta C maila (lehen hezkuntza 3. eta 4.).
Aurten, Lur Gallastegik idatzitako 'Munduari bira pastel batean' ipuina irakurri eta ilustratu beharko dute txikienek; koxkorragoek, berriz, Adur Larreak sortutako ilustrazioan oinarritu beharko dute beraiek sortutako ipuina; eta komiki ala binetaren atalean, ordea, 'Bizitza itsasontzian' izango dute ardatz gazteek, beraien lanak sortzeko.
Parte hartuko duten haur eta gazteei zuzendutako sariez gain, ikastetxeei eskainitako sari bereziak izango dira aurten ere. Alde batetik, Laboral Kutxak bi ikasgelarentzat saria emango du, eta bestetik, Irrien Lagunen Klubak ikuskizun batekin sarituko du ikastetxe parte hartzaileetako bat.
Aipatutako bi babesle hauetaz gain, aurten Elkanok munduari bira eman ziola 500 urte betetzen direnean, Elkano Fundazioa ere bidelagun izango da. Hori horrela izanik, edizio honetako gaia estuki lotuta dago Elkanorekin: kultur aniztasuna, itsasoa, itsasontzia.