Emakumeen aurkako sexu erasoak gizarteko "kriminalitate arazorik handiena" direla dio Jaurlaritzak

Archivo - Hilketa matxista baten aurkako elkarretaratzea Pasaian
UNANUE-EUROPA PRESS - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 8 mayo 2025 12:36

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak adierazi du emakumeen aurkako sexu erasoak euskal gizartean dagoen "kriminalitate arazorik handiena" direla, eta arazori aurre egiteko salaketak egitearen garrantzia nabarmendu du.

Asteazkenean Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen 'Euskadiko Segurtasun Publikoaren Egoerari buruzko 2024ko Txostena' agiriaren datuak izan ditu hizpide Zupiriak ostegun honetan ETB1en egindako eta Europa Press albiste agentziak jaso duen elkarrizketa batean. Txostenaren arabera, sexu erasoak %29 igo ziren iaz EAEn, eta hirutik bat, gutxi gorabehera, bortxaketak izan ziren.

"Esango nuke hau dela gure gizartean dugun kriminilitate arazorik handiena. Oinarrian dago gizon eta emakumeen arteko bazterkeria, gizonen aldetik emakumeenganakoa, eta bere muturrera eramanda, kasu askotan emakumeen aurkako indarkeria matxista dakar. Oso arazo larria da gure gizartean", ziurtatu du.

Egoera horiek gehienak "etxe barruan eta bikote diren edo izan diren pertsonen artean" gertatzen direla esan du, eta horrek adierazten duela "larritasun bat" dagoela gizon eta emakume horien arteko harremanean.

Bere iritziz, arazoaren "beste larritasun bat" da "intimitatean" gertatzen den zerbait dela, eta, beraz, "ez dela beti erraza kanpotik egoera horiei aurre egiten laguntzea edo neurriak hartzea".

"Horregatik da hain garrantzitsua salaketak egitea, kasurik larrienetan eta kasurik arinenetan, eta seguruenik gertatzen ari dena da egoera horien biktima diren emakumeek inoiz baino gehiago aurkezten dituztela salaketak, eta hori da bidea gaiaren larritasuna ezagutzeko eta gaia behar den bezala ikertzeko eta egoera horietan bizi diren emkakumeei laguntzeko", azaldu du.

Contenido patrocinado