BILBO, 30 (EUROPA PRESS)
Eroski Taldeak 2022. urteko seihilekoko kontuak itxi ditu uztailaren 31n, eta 46,8 milioi euroko emaitza positiboa izan du, iazko seihileko berean baino %11,4 gehiago. Edonola ere, etekin operatiboa %11 jaitsi da 2021ekoaren aldean, kostuak handitu egin direlako eta inflazioak prezioetan dituen ondorioei eusteko marjinak murrizteko ahalegina egin duelako. Bada, 2.633 milioi euroko negozio zifra erdietsi du taldeak ekitaldiko lehen seihilekoan.
Hala, Eroskik jakinarazi duenez, %10 puntutik gorako inflazioaren testuinguruan, salkmentak %4 puntu handitu dira. Horren azpian, alde batetik, taldeak lehen seihilekoan egindako sustapen ahalegina dago, hau da, gaur egungo inflazio egoera dela-eta kontsumitzaileei aurrezpena helarazteko ahalegina; beste alde batetik, familien joeraren ondorioa dago, erosketa merkeagoak egiten ahalegintzen baitira.
Ildo horretan, prezioen gorakada geldiarazi eta sustapen jarduera handitu duenez -dela deskontuen bidez, dela eskaintzen bidez-, Eroskik 183,6 milioi euroko aurrezpena helarazi die familiei 2022ko lehen erdian. Ahalegin horrekin batera, gastuak handitu zaizkio, hala nola elektrizitatea, garraioa eta alokairua, eta, ondorioz, %11 jaitsi da etekin operatibo korrontea, eta horrek 94,3 milioi euro eman ditu 2022ko lehen seihilekoan.
"Eroskin ahalegin handia egiten ari gara prezioen inflazioaren ondorioei eusteko. Alde horretatik, gure marjinak apaltzen ari gara, kontsumitzaileak ez dezan jasan gure kostuen igoera. Familien aurrezpenetan inflazioaren ondorioak txikitzen saiatzen ari gara, hilabeteak baitaramatzate aurrekontua egokitzen eta, are, erosketa hobespenak eta kontsumo ohiturak aldatzen", azaldu du Rosa Carabel Eroskiko zuzendari nagusiak.
Era berean, azaldu du Eroskik tokiko ekoizleetan jarri duela arreta, laguntza eta babesa eskaintzeko, gehiago jo baititu egungo koiuntura ekonomikok. "Eroskin badakigu nolako zailtasunak ari garen jasaten elikadurako katebegi guztietan eta familietan. Lehen unetik, gure helburua izan da egoera ahalik eta ondoena kudeatzea, ahal den guztia kolaboratuz eta arduraz jokatuz", esan du.
Bestalde, Eroski Taldeak 39,5 milioi euro inbertitu ditu 2022ko lehen seihilekoan, batez ere 60 supermerkatu birmoldatzeko eta 37 denda berri irekitzeko (zazpi supermerkatu propio eta 30 saltoki frankizia eran). Denda horiek 355 lanpostu sorrarazi dituzte.
Era berean, bere finantza konpromisoak betez, Eroski Taldeak zorraren 16 milioi euro amortizatu ditu ekitaldi honetako lehenbiziko seihilekoan.