Eroski, Echebastar eta Txabarri Txakolina, 2019ko Euskadiko Elikagai Berrikuntzaren BTEM sarituak

Eroski City bat.
EROSKI - Archivo

Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 7 noviembre 2019 11:50

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

Eroski banaketa kooperatibak, Echebastar arrantza enpresak eta Txabarri Txakolina familia upategiak eskuratu dituzte 2019ko Euskadiko Elikagai Berrikuntzaren BTEM sariak. Azti zentro teknologikoak eta Euskadiko Elikaduraren Klusterrak ematen dituzte BTEM sariak, bi urtean behin, eta aurten bigarren edizioa dute, elikagaien sektoreari balioa ematea eta enpresen praktika onak sustatzea helburu hartuta. Sariak azaroaren 21ean banatuko dira, Bilboko Bizkaia Aretoan egingo den ekitaldi batean.

Sarietako epaimahaiburu Bittor Oroz izan da, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordea eta Aztiko lehendakaria, eta epaimahaiak hiru kategoria bereizi ditu: merkatuetako berrikuntza, negozio bide berriak identifikatu dituzten enpresentzat; berrikuntza teknologikoa, kontsumitzaileen artean behar berriak interpretatzen jakin duten eta horiei erantzun arrakastatsua eman dieten enpresentzat; eta enpresa berrikuntza, euren ekoizpenean prozesu berritzaileak txertatzeko gai izan diren konpainientzat.

Merkatuetako berrikuntzaren kategorian, Eroski banaketa kooperatiba saritu du epaimahaiak, "osasunaren, iraunkortasunaren eta tokiko produktuaren aldeko apustuan aitzindaria" izateagatik. Gainera, Mondragon Korporazioko kooperatibari elikadura kateko beste enpresa batzuk egituratzeko daukan gaitasuna aitortu diote adituek, bai eta sarean erosteko bidea garatzeko egiten duen ahalegina ere.

"Eroskik kontsumitzailea bihurtu du produktu osasungarrien hautaketako benetako protagonista, bere produktuetan nutrizio semaforoa sartuta (Nutri-score), tresna digitalak garatuta (Ekilibria) eta beste zenbait ekimen gauzatuta, elikagai talde guztiak ahoratzean izaten ditugun ohiturak hobetu eta egokitzeko. Produktu osasungarrien aldeko apustua ere egin du, eta aitzindaria izan da trans koipeak kentzen eta bere marka propioko produktuetan azukrea, gantza eta gatza murrizten", nabarmendu du epaiak.

Produktu edo irtenbide berrien sorkuntza aitortzera bideratutako berrikuntza teknologikoaren kategorian, berriz, Echebastar euskal arrantza enpresa saritu dute, "merkatuan arrakastaz sartu duelako atun ultraizoztuaren lerro berria, 'Alakrana' markarekin merkaturatua, hots, kalitate bereiziko eta balio erantsi handiko produktu berritzailea".

"Echebastar gai izan da lehiakideekin alderatuta balio argia eta bereizia duen proposamena kontsumitzaileari eskaintzeko. Enpresak produktu garbia eskaintzen dio kontsumitzaileari, hainbat formatu eta errezetatan aurkeztua -tatakia edo ketua-, eta, gainizozte sistema baten bidez eta ekoizpen eta hornidura kate osoaren kontrolaren bidez, produktu %100 naturala eskaintzea lortu du, gehigarririk gabe eta arrantza iraunkorrarekiko konpromisoa izanda", arrazoitu du epaimahaiak.

Azkenik, Txabarri Txakolina familia upategiak irabazi du enpresa berrikuntzaren kategorian emandako saria, ardo landaketetako monitorizazio prozesuan eta mahats bilketa selektiboan droneen erabilera inplementatzeagatik.

"Prozesu berriak dakar doitasunezko nekazaritza esaten zaion horretan 4.0 teknologiak sartzea, eta hori berrikuntza garrantzitsua da hasierako egoerarekiko, bai ekoizpen prozesuetan eragindako originaltasunagatik eta aldaketagatik, bai sektore horretan erabilitako teknologia eta tresnen berritasunagatik", azaldu du epaimahaiak.

EPAIMAHAIA

Bittor Orozekin batera, sarien aurreko edizioko enpresa irabazleetako ordezkariek parte hartu dute epaimahaian: Ignacio Muñoz, Angulas Aguinagako CEO; Javier Uriz, Fortaleza Kafea Taldeko zuzendari nagusia; eta Javier Ruiz de Galarreta, Araex Grands Spanish Fine Wineseko lehendakari eta CEO.

Sektorearen berrikuntzan ospe handia duten beste hiru aditu independente ere izan dira epaimahaian: Leire Bilbao Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako CEO, Jaime Martin Lantern aholkularitza enpresako bazkide sortzaile eta CEO eta Marta Vallbe Loop Unique Companieseko kontsumo handiko zuzendaria.

2017ko lehen edizioan, sariok Euskadiko Elikagai Berrikuntzaren Sariak izena zuten; orain, berriz, BTEM Sariak dira, hau da, Berrikuntza, Teknologia, Enpresa eta Merkatuaren siglekin osatutako izena. Azaroaren 21eko sari banaketa ekitaldiak topagunea izan nahi du, eta han elkartuko dira elikaduraren balio kateko eragile guztiak.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado