Eroskik eta Lantegi Batuak-ek entsalada eta barazki "%100 ekologikoak" merkaturatuko dituzte

Eroskiko eta Lantegi Batuak-eko ordezkariak
EROSKI
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 12 julio 2018 16:06

BILBO 12 Jul. (EUROPA PRESS) -

Eroski kooperatiba eta Lantegi Batuak erakundea elkarrekin ariko dira Naia proiektuan, eta entsalada eta barazki freskoak merkaturatuko dituzte, "%100 ekologikoak", kooperatibak "erabateko konpromisoa" baitu gizarte garapenaren eta iraunkortasunaren alde. Ostiraletik aurrera, Eroskik Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) dituen 29 saltokitan eskainiko ditu produktu horietako bi: Batavia entsalada eta entsalada nahasia.

Lantegi Batuak erakundeak kudeatzen du Naia proiektu, eta entsaladen eta barazki fresko eta ekologikoen marka berri bat eskaintzen du. Jateko prest datozen denak, eta Bizkaiko zenbait etxalde ekologikorekin lankidetzan ekoitzi dira. Produktu sorta hori %100 iraunkorra da hasi jatorritik eta saltokietara iristen den arte: ur kontsumo txikiarekin hazten dituzte, energia modu eraginkorrean darabilten instalazioetan, bioplastiko konpostagarriarekin ontziratuak daude eta garraio jasangarria erabiltzen dute saltokietara eramateko.

Eroskik oraintsu berritu ditu osasun eta iraunkortasun arloko konpromisoak, elikadura arduratsuaren eta iraunkorraren alde egiteko. "Eroskin lanean ari gara produktu ekologikoak merkaturatzeko, gure nahia delako elikadura iraunkorra eskaintzea eta gure prozesuek, dendek eta produktuek ingurumenaren gain daukaten eragina murriztea. Gaur egun 1.500 produktu ekologiko ditugu, eta ildo horretan lan egin nahi dugu, beharrizan guztietarako aukera ekologiko bat gutxienez eduki arte", adierazi du Alejandro Martinez Berriochoa Eroski Fundazioko Osasun eta Iraunkortasun arloko zuzendariak.

Bestalde, Lantegi Batuak erakundeak "oso garrantzitsua" deritzo Eroskik eskaini dion aukerari, bere produktuak haren dendetan saltzeko modua izango baitu. "Lantegi Batuak-en ilusio berezia daukagu proiektu honetan, bereziki Eroskiren eskutik joango garelako. Naia proiektuan lan aukerak sortzen ditugu ezgaitasunak dituzten pertsonentzat, bai gure baratzeetan bai gure prozesatze fabriketan. Horrekin, lan egonkortasuna sustatzen dugu pertsona horientzat eta inguru osasungarri bat sortzen dugu, haien ongizatearen onerako", azaldu du Txema Franco Lantegi Batuak erakundeko zuzendari nagusiak.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado