BILBO, 30 (EUROPA PRESS)
Erraimun Olabide josulagun eta euskaltzain osoaren (Gasteiz, 1869 - Tolosa, Okzitania, 1942) euskarazko Biblia erabiltzaileen esku jarri du Euskaltzaindiak, Akademiaren webgunean eskegita.
Euskaltzaindiko iturriek jakinarazi dutenez, euskara "noranahiko bihurtzeko ahaleginean" ondutako lana da, eta horrek argitzen ditu egindako hautuak eta erabilitako moldeak.
"Ez zen hori izan Arantzazuko Biltzarraren ondotik (1968) Euskaltzaindiak hartu zuen bidea, baina egokia da idazlan erraldoi hau berreskuratzea, aztertzea, eta egokiro balioetsi eta baliatzea, gizartearen esku jarrita", adierazi dute.
Beraz, Euskaltzaindiak webgunean jarri duena ez da Olabideren Bibliaren edizio kritiko bat, helburua ez baita liburuaren orrialdez orrialdeko argazki hutsa eskaintzea, bilaketa sistema eraginkor batez hornitzea baizik.
Argitalpenak bi baliabide nagusi ditu: liburuaren orrialdez orrialdeko argazkiak eskaintzea, azken buruan testuarekiko erabateko fideltasuna ziurtatzeko, eta Bibliaren kontsultan bilaketa sistema erabiltzea, hots, aipuak liburuz liburu, kapituluz kapitulu eta txatalez txatal errazki aurkitu ahal izatea.
Baliabideak horiek izanik, pantaila begiz jota irakurleak erraz atzemango dio funtzionamenduari, baina erabiltzeko orduan kontuan hartu behar da, alde batetik, testua ez dela batere ohikoa eta horrek irakurlearen begietara arroztasun sentimendua piztu lezakeela, Olabideren ortografia eta morfologia urrun baitaude bai 1900 aurretik arruntak ziren euskarazko molde ortografiko guztietatik, bai euskara batuaren garaian gure artean zabaltzen eta sendotzen diren arauetatik.
"Ondorioz, testu transkribatua ez da erabat ziurra eta hainbat kasutan liburuaren argazkietara jo behar da argitasun bila", gaineratu dute.
Era berean, liburu, kapitulu eta txatalez txataleko bilaketa sistema modu eraginkorrean erabiltzeko, 'Elizen arteko Biblia' erabiltzea gomendatu dute Akademiatik, https://www.biblija.net/biblija.cgi?l=eu webgunean aurki daitekeena, hain zuzen ere.
OLABIDEREN LAN NAGUSIA
Erraimun Olabideren bizitzako lan nagusia da katolikoen Biblia osoaren itzulpena, jatorrizko testuetatik abiatuta (hebreera eta grekoa). Dirudienez, 1921ean ekin zion lanari eta lehen emaitza 1931n argitaratu zen ('Itun Berria').
1937rako ia-ia amaituta zeukan lana, baina Gernikako bonbardaketak haren lana eten zuen. Erbestera jo zuen eta 1942an hil zen, istripuz, Okzitaniako Tolosan.
1955ean, josulagunek Olabideren Biblia argitaratzea erabaki zuten eta lana gauzatzeko ardura Patxi Etxeberria (1900-1989) josulagunari esleitu zioten, hura Txinatik etorrarazita.
1958an argitaratu zen 'Itun Zâr eta Berria', hots, orain Euskaltzaindiak sarean jarri duen liburua. Koldo Mitxelenak iruzkin bat egin zion 'Egan' aldizkarian, euskararen historian aro baten amaiera eta beste baten hasiera adierazten duena: "Saioa egina dago. Ez dago bide horretatik Olabide baino gorago joaterik".
Une horretan lortu zuen ospea gorabehera, laster ahaztu xamar gelditu zen, bai Eliza Katolikoaren barruan Bibliaren gaineko ikerketa giro berriak eraginda, bai euskara batuaren sorrerak ekarri zituen ondorioengatik.