Errenteria, Pasaia eta Donostia batu dituzte milaka lagunek euskara batuari gorazarre egiteko giza katean

'Batasunaren Bidean' Ekitaldiko Parte Hartzaileak
EUSKALTZAINDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 24 marzo 2023 13:12

DONOSTIA, 24 (EUROPA PRESS)

Giza kate "alai eta koloretsu batek" Errenteria, Pasaia eta Donostia elkartu ditu ostiral honetan, euskara batuari gorazarre egiteko 'Batasunaren bidean' ekimenarekin. Euskal Herriko ikastoletatik hurreratutako 7.000 ikaslek eta haiei batu zaizkien ehunka euskaltzalek osatu dute euskara batuari gorazarre egiteko 8.226 metroko soka luzea.

Orereta ikastolak sustatu eta ikastolen jai guztiek osatzen duten 'Ikastolak Herriari' egitasmoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatutako ekitaldia izan da, euskara batuak herriaren garapenean izan duen balioa azpimarratzeko eta euskara batuaren sorreran bultzatzaile izan zirenak omentzeko egin da, eta transmisioa eta jarraitutasuna irudikatu nahi izan da giza katearen bitartez.

Ekitaldia 10:45ean hasi da Errenteriako Agirre Lehendakaria plazan, eta 11:00etan eman zaio hasiera giza kateari. Ordu erdiz lotuta egon dira Errenteria, Pasaia eta Donostia, eta horren ostean, giza katean parte hartu dutenak ibilbidean prestatuta zeuden bost guneetara hurbildu dira, goizeko saioari amaiera emateko jaian parte hartzera.

Transmisioaren garrantzia irudikatzeko, ikasleak izan dira ekitaldiaren protagonistak. Egun ikasten ari diren gazte eta gaztetxoei euskara batuaren balioa helarazi, eta hura sortzeko testuinguru historikoa eta bere bilakaera adierazi zaizkie, giza katearen amaieran egindako ekitaldietan ikasleetako batzuek irakurri duten idazkiaren bitartez eta egunotan ikastoletan euskara batuaren inguruan egin den lanketaren bitartez.

Giza katearen protagonista nagusiak ikasleak izanik, "izaera koloretsu eta baikorra" eman zaio ekitaldiari. Amaieran musikak eta dantzak hartu dute protagonismoa, eta konfeti erauntsi batekin amaitu dute ekitaldia.

OMENALDIA

Euskararen batasunaren bidean itzal handia izan duten 15 bidegile ere omendu dira, eta horretarako prestatutako bost guneetan haien berri eman da panel batzuen bitartez.

Horrela, bertaratutako guztiek jaso dute Koldo Mitxelena, Resurreccion Maria Azkue, Pierre Broussain, Jose Maria Satrustegi, Julia Berrojalbiz, Xabier Kintana, Raimundo Olabide, Julene Azpeitia, Luis Villasante, Henrike Knörr, Arantxa Urretabizkaia, Arturo Campion, Gabriel Aresti, Jean-Louis Davant eta Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi'-k egindako ekarpenaren berri, eta hamaseigarren bat ere aipatu da, euskaldun guztiak, alegia, "euskaraz mintzatuz, entzunez, irakurriz, idatziz, ikasiz, lan eginez, abestuz, jolastuz, egunetik egunera, euskara biziberritzen dugulako".

Arratsaldean, berriz, ekitaldi instituzionala egingo da Errenteriako udaletxeko Areto Nagusian. Aizpea Otaegi alkateak, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariordeak eta Helene Mendizabal Orereta ikastolako ikasle ohiak hartuko dute hitza ekitaldian. Hain zuzen, Mendizabalek ordezkatuko du ekitaldian omendutako hamaseigarren figura: euskaldun guztiak.

Era berean, aitormena adierazi nahi zaie 'Batasunaren bidean' ekitaldiak omendu dituen 15 bidegileei; horietatik Xabier Kintana bertan egongo da, bai eta omendutako beste askoren ordezkariak ere. Arantxa Urretabizkaiak eta Jean-Louis Davantek ezin izango dute ekitaldira hurreratu.

Contenido patrocinado