Ertzaintzak eta udaltzaingoek segurtasun dispositibo bereziak ezarriko dituzte udan herriko jaietan

Archivo - Herriko jaiak Barakaldon
AYUNTAMIENTO DE BARAKALDO - Archivo
Europa Press País Vasco
Publicado: sábado, 28 junio 2025 12:33

BILBO 28 Jun. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzak eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) udaltzaingoek segurtasun dispositibo bereziak ezarriko dituzte udan herriko jaietan delituak prebenitzeko eta saihesteko. Era berean, jaiguneetan, kontzertu eremuetan edo ostalaritza establezimenduetan jende asko ibiliko denez, poliziek herritarrei eskatu diete kontuz ibiltzeko lapurrekin.

Eusko Jaurlaritzako Segurgtasun Sailetik jakinarazi dutenez, orokorrean, delitugileek jende asko pilatzen diren lekuetan jarduten dute, eta, egoera horretaz baliatuz, poltsak, diru zorroak edo sakelako telefonoak lapurtzen dituzte.

Beste batzuetan, aldiz, alkoholdun edarien eraginpean dagoela aprobetxatuz egiten dira lapurretak. Delitugile batzuk berariaz hurbiltzen dira jaietan dauden herrietara lapurretak eta ebasketak egitera.

Halaber, udako egunetan etxeetako segurtasuna ere zaindu behar da, eta ibilgailuetako lapurretei ere aurrea hartu behar zaie eta ez da utzi behar agerian ez poltsarik ez balioko objekturik.

Lapurretei edo ebasketei aurrea hartzeko gomendioen artean, komeni da objektuak, sakelako telefonoak, diru zorroak, agiriak eta gainerakoak poltsikoetan edo poltsa barruko konpartimentuetan gordetzea. Objektu horiek ez dira begi-bistan utzi behar, ez mahai gainean ez lapurrek kentzeko moduan.

Orobat, gaur egun batez ere gazteen artean hain ohikoa ez bada ere, kutxazain automatiko batetik dirua ateratzera joatekotan, gorputzarekin oztopatu behar da arrotzen batek eragiketa ikustea, eta dirua lehenbailehen gorde, eskuetan erakutsi gabe.

Poltsa beti ondo helduta eta gorputzari erantsita eraman behar da, indarrez tira egin eta kentzea eragozteko. Ahal izanez gero, urrezko kateak eta bitxiak indarrez tira eginda kentzea ere prebenitu behar da.

Jende asko dagon lekuetan ez da fidatu behar ondoan jartzen diren pertsonez, batez ere jarrera susmagarriren bat nabaritzen bada edo esku artean jantziren bat badute, lapurreta egitean disimulatzeko erabil baitaiteke.

Halaber, garrantzitsua da lagunengandik ez aldentzea, eta are gutxiago leku apartatuetara edo argi gutxi dagoen lekuetara joatea; egitekotan, beti norbaitekin egotea komeni da, indarkeria eta beldurra erabiliz lapurtzen dutenak edo beste delitu batzuk egiten dituztenak bakarrik egoteak biktimari ematen dioten zaurgarritasunaz baliatzen baitira.

ETXEA

Etxean lapurretak saihesteko gomendioei dagokienez, etxetik kanpora egon behar bada oporretara joateko edo beste arrazoiren batengatik, horretaz ez da hitz egin behar ezezagunen aurrean edo sare sozialetan. Atea ondo itxita utzi dela ziurtatu behar da, eta ez utzi etxean ez egotearen abisurik atean, ez eta mezurik ere erantzungailu automatikoan.

Orokorrean, komeni da sarrailagile profesional batekin harremanetan jartzea etxeko aterako segurtasunik onenaz aholkatu dezan. Alde horretatik, garrantzitsua da segurtasuneko ezkutu bat eta zilindro bat jartzea; badira 'bumping' edo 'impresioning' sistemen bidez giltza bat sartzea eragozten duten modelo magnetikoak ere.

Erne egon behar da ateetan egon daitezkeen markatzaile edo seinaleen aurrean, eta senide edo bizilagunen bati eskatu posta jasotzeko eta pertsianak ireki edo ixteko.

Beheko solairuetan daude leihoak eta bestelako sarrerak itxita daudela zuertatu behar da, batez ere aldamioak jarrita badaude, eta ez ahaztu teilatupeak edo garajeak bezalako beste sarrerak.

Garrantzitsua da 112 larrialdietako telefono zenbakira, Ertzaintzara edo udaltzaingora deitzea bizilagunen etxean mugimendu arraroak edo normalak ez diren hotsak entzunez gero edo komunitate edo urbanizazioetan pertsona susmagarriren bat ikusiz gero. Lapurrekin topo egiten bada, ez zaie aurre egin behar eta berehala deitu behar da 112 telefono zenbakira.

Contenido patrocinado