Estefania Morcillo izango da Donostiako Parke Teknologiko zuzendaria Lucio Hernandoren ordez

Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 15 junio 2011 20:12

DONOSTIA 15 Jun. (EUROPA PRESS) -

SPRI Taldeko Azpiegituren Arloan integratutako eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailari atxikitako Donostiako Parke Teknologiko Administrazio Kontseiluak Estefania Morcillo hernaniarra izendatu du gaur sozietate publiko horretako zuzendari nagusi. Parke Teknologiko zuzendari berriak Lucio Hernando eibartarra ordezkatuko du, Pasaiako Portu Agintaritzako presidente baita joan den maiatzetik.

Azken bi urteetan, Estefania Morcillo Tailsa-Tolosaldeko Apattaerreka Industria Lurra, S.A. sozietateko kudeatzailea izan da. Sozietate hori Industrialdeak Programan integratuta dago eta SPRILUR, S.A., Gipuzkoako Foru Aldundia eta Tolosaldeko udalak ditu partaide. Joan den otsailean hasi ziren Apattaerreka industrialdea zabaltzeko lanak eta, hain zuzen, zabalkuntza lan hori izan da Estefania Morcillok azken urteetan Tailsa-n zuzendu duen helburu nagusietako bat.

Donostiako Parke Teknologiko zuzendari berriak Arkitektura ikasketak egin zituen Donostiako Goi Mailako Eskola Teknikoan (EHU), eta Hernaniko Udaleko zinegotzia eta bertako Hirigintza Batzordeko Talde Sozialistaren bozeramailea ere bada 2003tik.

Hernanirekin duen loturagatik eta Hernanirako egin duen lanagatik parte hartu ahal izan du Donostiako Parke Teknologikoa Hernaniko Galarreta eremuan handitzeko proiektuaren aurrerapenean. Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren ordezkaria izan da duela gutxi arte Lurraldearen Antolamendurako Batzordean, eta horrek lurzoruaren kudeaketa publikoan bildu duen esperientzia aberastu dio.

Galarreta eremuranzko zabalkuntza burutzea izango da Donostiako Parke Teknologikoan hasiko duen etapa berri honetako proiektu estrategiko nagusia, eta bere esku geratuko da baita SPRIren Gipuzkoako Azpiegituren Lurralde Zuzendaritzaren kudeaketa ere.

Contenido patrocinado