Etorri berriei euskarara hurbil daitezen gonbita egiteko sentiberatze ekimena hasi dute Oarsoaldeko lau udalek

Etorri berriei euskarara hurbil daitezen gonbita egiteko sentiberatze lanketa abiatu dute Oarsoaldeko lau udalek
OARSOALDEA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 1 septiembre 2026 10:17

DONOSTIA 1 (EUROPA PRESS)

Beste herrialde batzuetatik Oarsoaldera (Gipuzkoa) bizitzera iritsitako herritar berriak euskarara gerturatzeko eta ongi etorriak senti daitezen sentiberatzeko kanpaina abiatu dute eskualdeko lau udalek. Oarsoaldeko Euskara Batzordeak koordinaturiko kanpainaren bidez, herritar berriek euskararanzko urrats bat egin dezaten bilatzen da, nork bere errealitatetik eta egoeratik, herriaren bizitzan behar bezala murgiltzeko eta, horrela, bide berriak irekitzeko.

Oarsoaldea Garapen Agentziatik jakinarazi duenez, herritar bakoitzak ikusiko du nola eta noraino hurbildu nahi duen euskarara, hala nola hitz solteak eta agurrak ikasiz, seme-alabak euskal ereduan eskolatuz, bere saltokian euskararen presentzia bermatuz, elkarrizketa laburrak egiteko adina ikasiz edota kultur eskaintzetara joanez. "Bide zabal eta anitza eskaintzen die gure eskualdeak bertara etorritako pertsona horiei, eta kanpaina honek euskara euren promozio sozialerako elementu gisa aurkezten die herritar berriei", adierazi dute.

Modu honetan, bakoitzak bere unean uneko ahalmenetik euskara kontuan izan dezan lortu nahi dute kanpainaren sustatzaileek, eta euskararen komunitateko kide izatera gonbidatzen dituzte. "Oarsoaldea anitza da, eta elkartasun osoz jokatu nahi dugu bertara etortzen diren bizilagun berriekin, elkarbizitza eta herritarren arteko ezagutza indartuz eta beti ere euskara bidelagun", gaineratu dute.

Bada, astearte honetatik irailaren 30era bitarte, Oarsoalsdean bizi diren herritar etorri berriek euskarara gerturatzeko gonbita hartuko dute hainbat bidetatik, besteak beste, autobus geltokietako markesinak, sare sozialak, esku orriak, bideoa, prentsa oharra eta abar.

Kanpainako euskarriek irudi erakargarri eta koloretsua dute eta euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta arabieraz dakartzate mezu eta leloak. Kanpainaren euskarri nagusiak etorri berri batzuen eta eskualdeko herritar batzuen lekukotzak azaltzen dituen bi bideo labur, esku orriak eta markesinetako irudiak dira. Bideoak sare sozialetan eta www.oarsoarrak.eus webgunean daude ikusgai.

Contador

Contenido patrocinado