ETSk Topoaren obren eragina duten Loiola eta San Martin kaleen urbanizazio lanak esleitu ditu 1,2 milioi euroan

ETSk Topoaren obren eragina duten Loiola eta San Martin kaleen urbanizazio lanak esleitu ditu
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 7 mayo 2026 16:28

DONOSTIA 7 (EUROPA PRESS)

Euskal Trenbide Sarearen (ETS) kontratazio batzordeak 1,2 milioi euroan esleitu dizkio Jaizubia enpresari Topoaren lurpeko saihesbidearen obren eragina jasan duten Donostiako Loiola eta San Martin kaleen urbanizazio lanak, Artzain Onaren parean. Enpresa esleipendunak zortzi hilabeteko epea izango du lanak osatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren mendeko erakunde publikoak jakinarazi duenez, bere jarduketa eremua Donostiaren erdigunean dagoen eta jadanik etorkizuneko Erdialdea-Kontxa geltokira sartzeko kanoietako bat ikusteko aukera ematen duen gunea da, Loiola kaleak eta San Martin kaleak Artzain Onaren plazarekin duten elkargunean. Esku hartuko den guztizko azalera 3.500 metro koadro ingurukoa izango da.

Urbanizazioaren berrikuntza nagusia da San Martin kalea hiru errei izatetik oinezkoentzat izatera igaroko dela Urbieta eta Hondarribia kaleen arteko tartean; izan ere, obrek eragindako mozketara arte, ibilgailuen trafiko bolumen handia zegoen Urumea ibairako norabidean -bide horietako bat autobusek baino ezin zuten erabili eta Loiola kalearekiko elkargunean zuen geltokia-. Halaber, tarteak bizikletentzako bidegorria izango du.

Topoaren sarbide kanoia egongo den hiri ingurunea hobetzeko espazio publikoa berrantolatzea helburu duen proiektuan ETSk eta Donostiako Udalak parte hartu dute. Jarduketak memoriaren eta erabilera berrietara egokitzeko beharraren arteko oreka lortu nahi du, eta eragindako zerbitzuak berrezariko dira, hala nola saneamendu, euri eta hornidura sareak, hiri altzariak, argiak eta lorategiak.

Xabier Zubiri plazara sartzeko kanoiaren, Easo kalera igotzeko igogailuaren eta San Bartolome kaleko larrialdiko aireztapenaren lanak amaitu zirenetik, Donostiako erdialdean obren I. fasea hasi zenetik okupatutako azaleratik azkeneko urtean 3.700 metro koadro itzuli zaizkio pixkanaka hiriari.

Contador

Contenido patrocinado