Etxepare Euskal Institutuak frantsesez ere argitaratu du "Euskal kantagintza: pop, rock, folk" liburua

Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 29 abril 2013 18:45

BILBO 29 Abr. (EUROPA PRESS) -

Etxepare Euskal Institutuak Jon Eskisabelek idatzitako "Euskal kantagintza: pop, rock, folk" dibulgazio liburua bertsio hirueledun berri batean argitaratu du, euskaraz, frantsesez eta ingelesez, Euskal Kultur Erakundearekin lankidetzan.

Bigarren aldia da Etxepare Euskal Institutuak sortutako Euskal Kultura saileko liburu bat frantsesera itzulia dela -bilduma euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez argitaratu zen jatorriz-. Izan ere, 2013ko otsailean, bilduma bereko beste liburu bat eskuragarri jarri zen euskara-frantsesa-ingelesa bertsio hirueledunean, Oier Araolazaren "Euskal dantza", alegia, hau ere Euskal Kultur Erakundeak eta Etxepare Institutuak abiatu partaidetzaren karietara.

Jon Eskisabelek idatzitako "Euskal kantagintza: pop, rock, folk" liburuak ibilaldi bat proposatzen du Euskal Herriko azken mende erdiko musikaren historian, euskal kanta berriaren hasieratik gaur egungo musika adierazpenen aniztasunaren ildoetan barna ibiliz. Joana Pocheluk itzuli du jatorrizko testua euskaratik frantsesera.

Euskal Kultura sailaren helburua euskal sorkuntzari buruzko informazio eguneratu, erakargarri eta, aldi berean, sendoa eskaintzea da. Euskal kulturaz jakin nahi dutenengana era errazean heltzeko gisan pentsatua. Hamabi liburuz osatua da (hizkuntza, musika, dantza, literatura, zinema, bertsolaritza...).

"Euskal kantagintza / La chanson basque : pop, rock, folk" edizio berezia dohainik deskarga daiteke PDF formatuan, Etxepare Institutuaren webgunean eta Euskal kultur erakundearen atarian.

Contenido patrocinado