cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">
DONOSTIA, 4 (EUROPA PRESS)
Etxepare Euskal Institutuak hitzarmena sinatu du gaur Tolosako Ekinbide Etxearekin (TEE), Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroaren nazioarteko ahalegina sustatzeko konpromisoa hartuz. Aizpea Goenaga zuzendariak sinatu du hitzarmena Etxepare Institutuaren aldetik, eta Elena Basaigoitia presidenteak, TEEren aldetik, Donostian.
Akordioa sinatu ondoren "oso pozik" agertu da Goenaga, "euskal kulturaren enbaxadore handiak direlako", eta TEEren helburu nagusietako bat euskal kultura zabaltzea eta erakunde ezberdinekin elkarlana sustatzea dela aipatu du Basaigoitiak. "Elkarrekin urrunago helduko gara; guretzat ere ohore bat da", esan du.
"Hitzarmen batzuk lan berri baten lehen urratsa izaten dira. Beste batzuetan, berriz, Topicekin gertatzen zaigun modura, era naturalean datoz, aurretik ere euskal kultura nazioarteko bihurtzeko lanean ari zirelako. Gainera, guretzat oso zailak dire merkatuetan sartzeko bidea zabaltzen diote euskal kulturari, Ekialdean bereziki", azaldu du Goenagak.
Idoya Otegui Topiceko zuzendaria ere ekitaldian egon da, eta haien egitasmoa eta Etxepare Institutua ia elkarrekin sortu zirela gogoratu du, hasieratik ekinez elkarlanari. Bere esanetan, hitzarmen honek hasitako bide hori sendotuko du, aurrerantzean Topic zentroak kanpoan burutzen dituen ekimenetarako Etxepare Institutuaren babes ekonomiko zein instituzionala jasoko duela bermatzen baitu.
Aurten Topic zentroaren nazioarteko egitasmoak zeintzuk diren ere azaldu du Oteguik: Txinako Guangzhouko Jaialdiarekin elkarlana; Txotxongiloaren Munduko Biltzar eta Jaialdia 2016an Tolosa-Donostian hartzeko hautagaitzaren alde, Instituturekin batera Txinako Chengdu hirian egindakoa; Taiwango Children's Education Festival eta Greziako Puppet-Mime Festival of Kilkis jaialdietan esku hartzea; eta European Museum Forum eta The Best in Heritage topaketetan partaide izatea.
HITZARMENAK ERAKUNDEEKIN
Etxepare Euskal Institutuaren lan ildoetako bat erakunde eta elkarte ezberdinekin hitzarmenetan jasotzen diren egitasmoak garatzea da. Nazioarteko bihurtzeko lanetan ari diren euskal taldeak edo instituzioak dira batzutan, eta euskal kulturari tokia egiteko prest egon daitezkeen kanpoko erakundeak bestetan. Haiekin lanean aritzea, laguntzea eta babesa ematea da Etxepare Euskal Institutuaren helburua, euskal kulturaren kanpoko sustapenak denon indarrak batzea eskatzen eta merezi duelako.
Proiektu zehatz horiek, elkarlanerako hitzarmenen bitartez jasotzen dira. Urtero ezberdinak izaten dira, eta aurten 30etik gora izango dira guztira, kultur esparru guztietakoak: arlo akademikoa -Udako Ikastaroak, Mintzanet, Mikel Laboa Katedra...-; literatura -EIZIE, LAF, Euskal PEN Kluba, Cervantes Institutua, Matadero Madrilgo Casa del Lector...-; dantza eta arte eszenikoak -ADDE, La Fundición, INAEM/Centro Dramático Nacional, Libourneko Fest'Arts jaialdia, Mercat de las Flors, CIT/TOPIC...-; musika -Musika Industriaren Elkartea, AIE, Jeunesses Musicales Bruselas, EH Sona...-; arte plastikoak -13th Istambul Bienal-; ikus entzunezkoak -Euskadiko Filmategia Fundazioa, Donostia Zinemaldia, EIKEN Basque Audiovisual, London Film Festival, Nanteseko eta Pariseko Different! zinemaldiak...-.
Bestalde, New Yorkeko Euskal Etxearekin -100. urteurrenaren programaren lanketan- eta Euskal Kultur Erakundearekin ere lanean ari da Etxepare Institutua aurten, eta laster sinatuko du beste hitzarmen bat Donostia 2016rekin.