EUSKADI.-Aritz Zabala gasteiztarrak "Gizon ikusezina Azokan" goiburuarekin egindako kartelak iragarriko du 2008ko Durangoko Azoka

Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 30 septiembre 2008 16:40

BILBO 30 Sep. (EUROPA PRESS) -

Guztira, 22 kartel aurkeztu dira bigarrenez Gerediaga Elkarteak Durangoko Azokako kartela aukeratzeko antolatu duen lehiaketara, eta Aritz Zabala 25 urteko gasteiztarrak "Gizon ikusezina Azokan" goiburuarekin aurkeztu duen lana aukeratu du epaimahaiak. Zabalak 1.300 euroko saria eskuratuko du.

Aritz Zabalak, publizitate-grafikoaz gain, argitalpenen diseinu eta ekoizpena ikasketak egin ditu. Estatu eta Autonomi Erkidegoetako Eskola Kontseiluen XVIII. Topaketa iragartzeko logotipo eta kartel irabazlea ere bada.

"Gizon ikusezina Azokan" goiburuarekin aurkeztu duen kartelean, "betaurrekoak irakurtzeko, aurikularrak entzuteko, txapela azokak kultura eta euskararekin duen harremana adierazteko" ikusi daitezke, egilearen esanetan. Elementuok gizon ikusezina osatuz ipinita, "pertsonaia literario bati keinu egiten" diola aitortu du.

Epaimahaiak 22 lanean artean aukeratu du Aritz Zabalaren kartela, "bisualki duen inpaktua, daukan mezu zuzena eta sinpletasun plastikoa" aintzat hartuta. Epaimahaiko kide Armando Bayer Bost Talde Grafikoko diseinatzaile grafikoa, Rodrigo Sainz diseinatzaile grafikoa, Txelu Angoitia argazkilaria, Jon Irazabal Durangoko Azokako zuzendaria eta Izaskun Ellakuriaga Azokako komunikazio arduraduna izan dira.

Contenido patrocinado